Arrasaten egingo da Gipuzkoako Kultura Digitalaren astea izeneko ekimena gazte eta hezitzaileak mundu digitalerako prestatzeko
2018/04/19Denis Itxaso Kutura eta Gazteriaren Diputatuak eta Maria Ubarretxena Arrasatako alkatesak Arrasaten apirilak 20tik 25era arte egingo den Kultura Digitalaren astea aurkeztu dute eta Biteri Plazan jarri den autobusa bisitatu dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzuak, Eibar, Tolosa, Ordizia, Errenteria eta Arrasateko udalekin eta Kode Eskolarekin elkarlanean, lurraldeko haur, nerabe, gazte, profesional eta familiengana iristeko asmoz “KULTURA DIGITAL@: erabilera ona eta sorkuntza” goiburuarekin, ekintza eta jardueren eskaintza zabala antolatu ditu datozen egunetarako.
Aste hauen helburua da haurren eta gazteen gaitasun digitalak garatuz, haien gizarteratzean aurrera egitea eta garapen kulturala eta soziala ahalbidetzea. Gipuzkoako Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzua alfabetatze, gaitasun eta inklusio digitalak sustatzeko bidean lanean ari da, eta baita sorkuntza eta ekoizpen digitala bultzatzeko ere. Hain zuzen ere, helburua da nerabe eta gazteen prestakuntza eta garapen pertsonaleko prozesuan sartzea sarearen eta teknologia berrien erabilera, modu aberasgarrian eta berdintasunezkoan, mundu digitalean ongi moldatzeko behar dituzten tresnak eskainiz.
Itxasok adierazi duenez, Aldunditik lan egiten da gazteak hezteko eta sareak eta Internetek dituzten arriskuetaz kontziente izateko. “Teknologia berriak gure bizitzeko, lan egiteko eta harremanak izateko modua aldatzen ari dira, eta egoera honen aurrean, umeek, nerabeek eta gazteek ez dute esperientziarik edota kanpoko erreferentziarik planteatzen zaizkien egoera eta erronkei aurre egiteko”, esan du.
Horregatik, Aldundiak Kultura Digitaleko programa jarri zuen abian 2017an, gazteei eta haien guraso nahiz hezitzaileei mundu digitalean ongi moldatzeko irizpideak eta laguntza emateko. Ekimen honen helburua da “sareen erabilera kritiko eta kontzientea sustatzea, bretxa sozialarekin amaitzea, teknologiarako sarbiderako generoko eta lurraldekoa eta ziberbullying-ari aurre egiteko tresnez dohatzea”. Hau dela eta, udaran ikastaroak antolatu ziren irizarrek utzitako autobusean 20 herritan. Autobusa ere Gabonetako Parkean (FICOBA) egon zen eta bertatik 18 ikastetxe pasa ziren. Horrez gain Europako Parlamentuak gonbidatuta, Itxaso, Bruselan egon zen urtarrilan, Europako Parlamentuko Gazteria Batzordean, Aldundiaren Kultura Digitaleko Plana aurkezteko.
Arrasateko alkatea, Maria Ubarretxena, bere aldetik, oso pozik azaldu da Aldundiak Arrasate aukeratu duelako aste honen ospakizuna egiteko. “Arrasaten apustu irmoa egiten dugu kulturaren alde, kultur alorrean aukera berriak eskaintzea izanik gure helburu nagusia eta ekimen honek horretarako aukera paregabea eskaintzen digu. Gainera, gaur egungo gizarte teknologizatu honetan, mundu digitalean sakondu eta hori kontzienteki sustatzea ezinbestekoa da eta hori da, hain zuzen, Kultur digitalaren astearen oinarri eta xedea, etorkizunera begira, kultur alorrean aukera eta bide berriak eskaintzea, alegia, betiere horretarako oinarri sendoak errotuz”.
Kultura digitalaren astean hainbat jarduera antolatu da. Alde batetik, ikasgela ibiltarian programazio-tailerrak eskainiko dira; eta bestetik, haurrei, gazteei, gurasoei eta arloko profesionalei zuzendutako hainbat hitzaldi Besteak beste, ziberjazarpena eta erotika 2.0 bezalakoei buruzko hitzaldiak egingo dira, tailer eta ikuskizun egingo dira. Gainera, ikastetxeei ere parte hartzeko aukera berezia eman zaie.
Kulturadigitala.eus webgune berria
Kultura digitalaren Asteak kulturadigitala.eus webgune berria izango du. Bertan, asteetako programazioaz gain, haur, nerabe, gazte, familia eta arloko profesionalentzako baliabideak eskainiko dira, besteak beste, haurrentzako liburu digitalak jaisteko aukera ere egongo da.
Arrasateko ekintzetan izena emateko, hemen.