Arrasaten bakarrik bizi den adineko jendearen inguruko azterketa egiten jarraituko du udalak datorren urriaren 7ra arte

2024/09/25
Card image cap
Bakarrik bizi den adineko jendea

Arrasateko Udala, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, eta hura egiten ari den zahartze osasungarriaren inguruko ikerketa baten testuinguruan, galdetegi bat egiten hasi zen abuztu amaieran eta irail hasieran, Arrasaten bakarrik bizi diren adineko pertsonen artean. Horretarako, udalak enpresa bat kontratatu du, azterketa demoskopikoak egiten dituena, eta telefono bidezko galdetegi bat erantzuteko eskatzen die bakarrik bizi diren adineko hainbat herritarri. Galdetegia euskaraz egin daiteke. Galdetegia erantzuteak 10 bat minutu eramango du. Hainbat galdera mota izango dira erantzun beharrekoak, honako atal hauen inguruan:

  • Bakarrik bizitzearen eta sumatutako bakardadearen ingurukoak.
  • Espazio publikoen erabileraren ingurukoak.
  • Sumatutako irisgarritasun gabezien ingurukoak.
  • Segurtasun sentsazioari buruzkoak.
  • Espazio publikoetan teknologia berriak erabiltzeari buruzkoak.

Inkestak 55 urtetik aurrerako pertsonei egingo zaizkie, aurrez ezarrita dagoelarik adin tarte bakoitzeko eta genero bakoitzeko lortu nahi den erantzun kopurua. Guztira, 318 erantzun lortu nahi dira (89 erantzun 55etik 64 urte bitartekoen artean, 83 erantzun 65etik 74 urte bitartekoen artean eta gainerako 146 erantzunak 75 urtetik gorakoen artean).

Behin informazio hori jasota, Euskal Herriko Unibertsitateari pasatuko zaizkio emaitzak eta hark txertatuko ditu egiten ari den ikerketaren baitan. Ikerketa horren ondorioak Arrasateko Udalarekin partekatuko ditu gero Unibertsitateak. Ikerketaren ondorioak oso lagungarriak izango dira udalak aurrera begira hartuko dituen hirigintza erabakiei begira.

Horregatik guztiagatik, herritarrei eskatzen diegu inkestako deia jasotzen dutenean erantzuteko.