Arrasateko Udaltzaingoak 4.295 esku hartze egin zituen 2021ean, horietatik 1.037 azken hiruhilekoan

2022/02/09
Card image cap
Esku hartze gehienak administratiboak izan dira, 510 guztira; 144 segurtasunekoak; 255 trafikokoak; eta 107 ingurumen gaiei lotuak.

Arrasateko Udaltzaingoak, 2021eko laugarren hiruhilekoan, 1.037 esku hartze egin zituen, urte osoan 4.295, 2020an baino 304 gehiago (3.991). 2021eko azken hiruhilekoan jarriz fokua, 1.037 esku hartzeetatik 387 abenduan egin ziren, 347 azaroan eta 303 urrian.

Maria Ubarretxena alkateak eta Zigor Andino udaltzainburuak xehetu dituzte datuak prentsa agerraldian. Nabarmendu dute Arrasate herri “segurua” dela: “udaltzaingoak ohiko jarduerak egin ditu eta ez da gertaera berezirik jazo. Nabarmentzekoa abendu hasieran izandako euriteek eragindako kalteen eta ezbeharren aurrean egindako lana. Gure lanaren % 85 asistentziala da. Esaterako: euriteen ondorioz zenbait familia beren etxeetatik atera behar izan ziren, eta horiei babesa eman zaie udaleko gainerako sailekin elkarlanean. Igo dira ere trafikoarekin lotutakoak, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta bikoitza izan dira. Aldiz, Covid-19arekin lotutako esku hartzeak asko gutxitu dira”. Udaltzaingoan nabarmendu eta eskertu du herritarren kolaborazioa.

Esku hartzeen modalitateei erreparatuz gero (administraziokoak, ingurumenekoak edo segurtasunekoak), 510 administrazio eremuarekin lotuta daude, hala nola animaliak, zaratak, garbiketa gaiak, pintaden garbiketa eta dokumentuak edo objektuak galtzea. Hilabeteei erreparatuz, arlo horretan esku hartze gehien abendua izan da (180), eta, atzetik, urria (170) eta azaroa (160).

144 segurtasun alorrekoak izan dira. Nabarmen hazi dira liskarrak (35, 2021eko azken hiruhilekoan, 18 abenduan) eta murriztu, berriz, ebasketak, abisu faltsuak eta kalte materialak. Hileko datuari dagokionez, abenduan izan da esku hartze gehien (57), atzetik azaroan (46) eta urrian (41).

Ingurumenaren alorrean 107 esku hartze egin dira, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz 43 gehiago (64 egin ziren uztail eta irail artean). Gehienbat azaro eta abendu artean egon ziren euriteen ondoriozko jarduketak izan dira: zuhaitz erortzeak, luiziak, ibaien kontrola… 51 abenduan, 38 azaroan eta 18 urrian.

Trafikoari lotutako esku hartzeek ere nabarmen egin dute gora: 255 urri eta abendu artean. 103 izan ziren aurreko hiruhilekoan. Nabarmentzen dira, bai trafiko atestatuak, bai karnet barik gidatzeagatik eta droga edo alkoholaren frogan positibo emateagatik izandakoak, eta baita trafikoari lotutako sorospenak ere, 59 guztira. Istripuak 56 izan dira. Ez da hildakorik izan eta gehienak arin zauritu dira, edo ez dira zauritu. Ez da oinezko harrapaketarik izan.

Hiruhileko honetan 63 denuntzia bideratu dira. Gehienak ondare ebazpenak edo ebazpen sozio-ekonomikoak izan dira (58): 17 ebasketa, 29 kalte jabetza publikoan edo pribatuan (fatxadak, leihoak, auto ispiluak…), 9 iruzurragatik eta 3 lapurretagatik. Alkohola eta drogak kontsumituta gidatzeagatik arau hauste 2 erregistratu dira.

Aldi horretan 10 pertsona atxilotu dira (2 urrian, 3 azaroan eta 5 abenduan). Arrazoi nagusiak izan dira lapurretak, drogarekin eta alkoholarekin lotutako ezbeharrak, eta erasoak.

Gainera, Udaltzaingoak beste esku hartze mota batzuk ere egin ditu, hala nola betebehar judizialak, herritarrari laguntzeko ekintzak, hala nola piboteen, informazioaren eta kexen kudeaketa, edo Ertzaintzarekin lankidetzan egindakoak, azken horiek (26), edo Osakidetzarekin kolaborazioan gauzatutakoak (3).

Covid-19ari lotutako jarduketek ere nabarmen egin dute behera. Uztail eta irail artean 251 egin ziren, eta urri eta abendu artean, berriz, 71.