Arrasateko Udalaren Juan Arzamendi Musika Etxea proiektuak 2 milioi euro lortuko ditu NEXT Generation funtsetatik

2022/11/03
Card image cap
Estatuan 405 proiektu aurkeztu dira eta Arrasateko Musika Etxearen proiektua 8.ena izan da baloratuenen artean .

Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioak laguntza deialdi bat jarri zuen abian 2022ko otsailean. Laguntza horien xedea izan zen Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia planaren barruan titularitate publikoko eraikinak berritzea. Arrasateko Udalak Juan Arzamendi musika etxearen proiektua aurkeztu zuen laguntza deialdira eta, orain, behin-behineko ebazpena jaso da. Estatuan 405 proiektu aurkeztu dira eta bertan Arrasateko Musika Etxearen proiektua 8.ena izan da baloratuenen artean, 1.902.281,59 eurorekin.

Juan Arzamendi Musika Etxearen obraren bigarren zatia aurkeztu zuen udalak funtsetara, 2021eko uztailetik aurrera MOYUA SL enpresak gauzatutakoa, 2020ko uztailean Arrasateko Udalak aurreko obra kontratua Lurgoien SAU enpresarekin eten ostean.

Maria Ubarretxenak nabarmendu du albiste “ezin hobea” dela udalerriarentzat: “Udalak herriarentzako Juan Arzamendi Musika Etxea bezalako proiektu estrategikoak bere funts propioekin eraman ditu aurrera, zorpetu behar izan gabe, baina finantzaketa iturri berriak lortzeko lanean dihardugu, diru publikoaren ahalik eta gestio zuhurrena eta eraginkorrena eginez. Juan Arzamendi Musika Etxea jada abian da eta 2023 hasierarako bai Goikobalu abesbatza eta baita Arrasate Musikal ere bertan izatea espero du udalak. Gure kultura mugimendu indartsua are aberatsago bilakatzea ahalbidetuko du Kulturolarekin batera, elkarren arteko harremana, elkarlana eta sinergiak ahalbidetuz. Arrasaten azken urteotan egiten ari garen tokiko berroneratze politika aktiboen aldeko bultzada da. Arrasatek proiektua dauka eta Europak baliozkotu egin du. Arrasateren ondarea berriro ere herritarren eskura jarri dugu, gure eraikinak errekuperatuz eta ingurumenaren alde ere eginez. Mantendu, berritu, berrerabili eta bizitza eman, arrasatearren ongizatea bermatu eta bizi kalitatea hobetu”.

Ekipamendua eta altzariak jartzeko prozesua abian

Juan Arzamendi Musika Etxean altzariak eta ekipamendua ezartzeko lehiaketa publikoa atzo egin zen.  

Lizitazioa hiru lotetan banatu zen eta honela geratu zen lehiaketa publikoaren emaitza, guztira: 401.266,89 €

  1. 1. sorta, altzariak eta osagarriak: MIAB enpresak irabazi zuen, 215.597,06 €  BEZa barne.
  2. 2. sorta, auditorioko ekipamendu eszenikoa: TELESONIC enpresak irabazi zuen, 102.461,81 € BEZa barne.
  3. 3. sorta, ikasgeletako ikus-entzunezkoen ekipamendua: TELESONIC enpresak irabazi zuen, 83.208,02 € BEZa barne.

Enpresa adjudikaziodunak 10 egun izango ditu udalak eskatutako dokumentazioa aurkezteko, eta tramite administratiboak amaitu eta kontratua sinatu ostean, gehienez 2 hileko epea izango du ekipatzeko.

9 milioi euro baino gehiago bi urtean herria hobetzen jarraitzeko

Next Funtsetatik jasotako Juan Arzamendi Musika Etxerakoia 2 milioi euroei batu behar zaie Santa Teresa auzoaren berroneratzerako lortutako 7,4 milioi euroak.

Jarduketa horiek Inbertsio Estrategikoen Erakundearteko Planaren parte dira, Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek 2022-2024 aldirako onartutakoa. 

Arrasatek Santa Teresa auzoaren berroneratzea sustatuko du, eta, ildo horretan, eraikinen inguratzaileak, berokuntza sistemak eta irisgarritasuna hobetuko ditu (igogailuak jarriko dira eraikinetan zein espazio publikoetan). Gainera, plaka fotovoltaikoak jarriko dira autokontsumo partekatuko erkidegoen eraketan aurrera egin dadin, eta hirigunean elektromugikortasuna bultzatzeko ekipamenduak jarriko dira. Lurralde Plangintzak jarriko ditu 7,37 milioi euro proiekturako, eta aurreikusten da 96 etxebizitzatan lan egingo dela.