Arrasateko Udalak terrazen eremua bikoiztea baimendu die ostalariei aforoaren galera konpentsatzeko

2020/05/09
Card image cap
Astelehenetik aurrera, maiatzak 11, taberna eta jatetxeek terrazak irekitzeko aukera dute %50ean Espainiko Gobernuko dekretuaren arabera.

Arrasateko Udalak 2020 urtean ostalarien terrazak bikoiztea baimentzen duen Alkate-Dekretua onartu du. Astelehenetik aurrera, maiatzak 11, taberna eta jatetxeek terrazak irekitzeko aukera dute %50ean Espainiako Gobernuaren dekretuaren arabera. Hau da mahai eta aulki erdiekin, beren arteko distantzia mantenduz. Arrasateko Udalak, sektorea laguntzeko, edukiera bikoitza hartzea baimenduko die 2020 urte osoan zehar, betiere posible den guneetan. Horrek ez du esan nahi mobiliarioa bikoiztu daitekeenik, baizik eta krisi aurretik zituzten mahai eta eserleku berberak eremu handiagoan jar ditzaketeela baizik.

COVID terrazak

Beraz, 2020an zehar, terrazen eremua bikoiztu dezakete ostalariek honako baldintzak betez:

  • Ezin da bikoiztutako espazioan mahai gehiago jarri. Bikoiztutako espazioa mahai kopuru bera gehiago sakabanatzeko erabiliko da.
  • Nahiz eta onartutako espazioan jaima bat izan, gehitzen den espazio berrian ezingo da jaima gehigarri bat ezarri. Onartzen da, aldiz,  eguzkitakoak jartzea.
  • Behar beste leku utziko da oinezkoak bertatik pasa eta sarbidea libre izateko, bai atarietan, bai ondoko lokaletan ere.
  • Segurtasun eta garbiketa neurriak beteko dira espazio osoan.

“Espazio berriak birdefinitu ditugu, osasun-agintarien neurri nagusiari eutsi ahal izateko, hau da, urruntze sozialari, bai oinezkoen artean, bai mahaien artean. Udalaren helburua ostalaritzako negozio gehiagok hilaren 11n ateak berriz irekitzeko aukera izatea da, eta beren errentagarritasunean laguntzea, neurriak betetzeko aukera eskainiz” adierazi du Udalak.

Magultze honek ez du tasak gehitzea ekarriko. Are gehiago, Arrasateko Udalak, pasa den apirilaren 2an, onartu zuen enpresa txiki, autonomo, merkatari zein ostalariei lehen sei hilabeteko tasen bonifikazioa. Covid 19ak eragindako egoera arintzeko 2020ko lehen sei hilabeteko zabor tasa, ur tasa eta bide publikoaren okupazio tasa bonifikatuko zaie.