Arrasateko Udalak Sexologia Zerbitzuaren “azalberritzea” aurkeztu du

2025/04/07
Card image cap
Zerbitzua berrindartu nahi izan du Udal Gobernuak, “inoiz baino beharrezkoagoa denean heziketa sexuala”. Marka berriarekin batera, spot bat aurkeztu du,

“Azalberrituta dator Arrasateko Sexologia Zerbitzua”, horrela aurkeztu dute gaur Arrasateko Sexologia Zerbitzuaren eraberritzea. “Heziketa Sexuala inoiz baino garrantzitsuagoa den garai honetan, zerbitzua indartu nahi izan dugu ikusgarritasun handiagoa ematekoi” azaldu du Gladys Fernandez Urizar Belaunaldiarteko zinegotziak.

Ostegun honetarako ekimen berezia prestatu dute herritarren artean zerbitzua ezagutzera emateko. “Egun horretarako “BESARKADA” clown kale animazioa izango dugu gure artean zerbitzua ezagutzera emateko. Sexologia zerbitzu kanpoan informazio gune bat jarriko dugu, eta aukera izango da kondoi eta lubrifikatzaileak eskuratzeko, edota irudi berria duten txapak, eskuorri informatiboak edo edozein zalantza argitzeko aukera”. Hitzordua ostegun honetan, hilak 10, 17:00etatik aurrera izango da, Sexologia Zerbitzuak bulegoa duen Garibai Etxearen inguruan, Biterin.

Konfiantzazkoa eta konfidentziala

“Konfiantzazkoa eta konfidentziala” izango den zerbitzua aurkeztu nahi izan dute gaurkoan. “Herritar guztiei ireki daude Sexologia Zerbitzuko ateak, bertan zalantza, kezka, beldur zein jakin-minak argitzeko aukera izango dutelarik, inoren epairik gabe. Laguntza eta aholkularitza zerbitzua izaten jarraitu gura dugu herritarrentzat, ikusgarritasun gehiagorekin” azaldu du Gladys Fernandez Urizar zinegotziak.

EMAIZE sexologia zentroko Miren Lopez de Arregi Lakuntza sexologoa da urriaz geroztik zuzeneko arreta emateko arduraduna, eta berak azaldu ditu aurrez aurreko horren xehetasunak: “zuzeneko arreta aurrez aurre, telefonoz, posta elektronikoz edo sare sozialen bidez emango da: Instagram (@arrasatesex) eta Whatsapp (747402140). Zerbitzua urte osoan zehar irekita dago, astelehenetan 10.00etatik 13.00etara, eta ostegunetan 16.00etatik 19.00etara, uztailean eta abuztuan izan ezik. Uda garaian itxita egongo da zerbitzua”.

Hezkuntza eta formakuntza ekintzak

Arrasateko sexologia-zerbitzuaren funtsezko eginkizunetako bat herriko ikastetxeekin elkarlanean aritzea da. “Ikastetxeetan sexuen hezkuntza ematen laguntzen dugu Sexologia Zerbitzutik, maila desberdinetan eta adin ezberdinetara egokituta” azaldu du Lopez de Arregik.

Bestalde, zerbitzuen arteko lankidetzan sakondu eta zerbitzuaren zeharkakotasuna bermatzeko, “Arrasateko errealitatera hurbiltzeko hainbat arlorekin batera lan egiten dugu, hala nola, hezkuntza, osasuna, integrazioa eta kultura”.

Arlo komunitarioa, lanketaren hirugarren ardatza

Sexologiari buruzko informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak egiteko asmoa ere agertu dute, ikastaroen, erakusketen, argitalpenen eta hitzaldien bitartez. Ekimen horien helburua Arrasateko herritarrak sexualitatearen hainbat alderdiri buruz heztea eta kontzientziatzea da, ulermen integrala eta osasungarria sustatuz.

Irudi berritua

MIAU estudioak sortu du Arrasateko Sexologia Zerbitzuaren irudi berria. “Sexualitatea gizakiaren barren-barrenetik sortzen den eta bizitzako etapa guztietan gurekin doan zerbait bezala ulertzetik abiatzen da marka honen oinarri kontzeptuala” azaldu du MIAU estudioko kide den Maria Osesek.

“Sinbolo zentralak barne eztanda horri egiten dio erreferentzia, gure sexualitatearekin konektatzen dugunean sentitzen dugun bibrazio eta mugimenduari, izan norberarekin edo beste pertsonekin harremanetan. Dinamismoaren eta hurbiltasunaren ideia hori indartzeko, bibrazioa eta sentimendua gogorarazten duten elementuak txertatu dira, ikonoan eta inguratzen duen konposizio zirkularrean islatuta. Zirkulu horiek kanpora proiektatzen den barne energia horren hedapena irudikatzen dute. Horrez gain, izartxo forma izateak, genero aniztasun, trantsizio eta ez definitze horrekin ere konektatzen du, identitate askotarikoak aldarrikatuz”.