Arrasateko Udalak San Juan jaien balantze positiboa egin du, eta eskerrak eman gura dizkie herritarrei, eragileei zein langile guztiei

2022/06/28
Card image cap
Udalak herritarren eta kultura eragileen lana eta konpromisoa azpimarratu ditu. Era berean, nabarmendu du inplikatutako guztiek portaera eredugarria izan dutela.

Arrasateko Udalak amaitu berri diren San Juan jaien balantze positiboa egin du: “eguraldiak gehiegi lagundu ez badu ere, ia ekintza guztiak egin ahal izan dira eta jaietan arrasatear askok parte hartu dute, non-eta protagonista izan baitira jai giroa eta errespetua”.

Arrasateko Udalak herritarren partehartze handia eta kultura eragileen lana eta konpromisoa azpimarratu ditu. Era berean, nabarmendu du inplikatutako guztiek portaera eredugarria izan dutela, elkarbizitza, alaitasuna eta dibertsio handia ezaugarri izan dituena: “herritarren eta batez ere antolakuntzan parte hartzen duten eragileen inplikaziorik gabe Arrasateko San Juanak ez lirateke direnak izango”.

Eskertu du ere udal langile guztiek egindako lana: “Udaltzaingoa, Kultura teknikariak, Brigadako langileak, Berdintasun alorreko teknikariak… guztiek egin dute posible jai egunak aurrera eramatea.”

Gertakari aipagarria izan da ekainaren 24ko entzierroan gertatutako pilaketa. Udalak adierazi duenez, “zorionez larri zauritutako pertsonarik egon ez bada ere, bertan inplikatutakoak egoki errekuperatzen ari dira izandako ubeldu eta urratuetatik. Ahalik eta lasterren hobera egitea opa diegu guztioi. Udalak, datorren urtera begira pilaketarik izan ez dadin, entzierroak egiteko eran aldaketak proposatuko ditu antolakuntzako eragileekin batera lantzeko”.