Arrasateko Udalak ospitalearen eta autobus geltokiaren alboko behin-behineko aparkalekua txukunduko du datorren astean
2022/02/21Arrasateko Udalak datorren astean egokituko du ospitalearen eta autobus geltokiaren ondoko behin-behineko aparkalekua. Horrela, herritarrek azken hilabetetan egindako iradokizunei erantzuten die.
Lurraren baldintzak direla-eta teknikoki ezinezkoa da eremua asfaltatzea. Hori dela eta, drainatze lanak egingo dira putzurik ez sortzeko, eta lurra hartxintxar geruza batez beteko da.
Lan hauek datorren martitzenean, otsailak 22, hasiko dira eta 3 egun inguru iraungo dute. Lanek dirauten bitartean aparkalekua ez da erabiliko; beraz, ez da TAO zerbitzurik egongo eskualdeko ospitalearen inguruan.
Era berean, Osakidetzak obra esleitu du larrialdi gunearen ondoan aparkaleku berri bat egiteko, eta doakoa izango da.
Udalak gogorarazi du martxoan ezagutaraziko direla TAO sisteman egingo diren aldaketak, eta zonaldean ere eragina izango dutela, egoera hobetzeko helburuarekin.
Horrela, udalak erantzun gura dio eskualdeko ospitalearen inguruan aparkalekuen arazoari, automobil asko batzen baita hor: ospitaleko bertako langileenak, inguruetan bizi diren bizilagunenak eta osasun zerbitzuetara jotzen duten eskualdeko pazienteenak.
Osakidetzak eraikiko duen ospitale berriak, zaharra eraitsi eta lurpeko aparkalekua sortuko baita, lagunduko du aparkalekuen antolamendua hobetzen.
Arrasaten 13.483 ibilgailu daude erregistratuta
Arrasaten 13.483 ibilgailu daude gaur egun herriko erregistroan izena emanda. Kontuan hartuta 2016an 12.805 ibilgailu eta 22.052 biztanle zeudela, 5 urtean 678 ibilgailu gehiago dago, baina biztanleriak bere horretan jarraitzen du.
Datu horri gehitu behar zaio gure udalerriak batez beste 5.000 ibilgailu jasotzen dituela egunean eta Arrasatek 6.555 aparkaleku dituela galtzadan.