Arrasateko Udalak Musakolako kiroldegiko abonuen prezioak bere horretan mantenduko ditu 2021ean
2021/02/08Musakolako kiroldegiak egokitzen jarraitzen du Covid-19ari aurre egiteko osasun neurrietara. Instalazioetan eta protokoloetan pandemia hasieratik egindako aldaketekin batera, ikastaroak eta zerbitzu batzuk berraktibatu dira jada.
Covid-19 koronabirusaren eragina nabaritzen ari da esparru ekonomiko eta sozial guztietan, baita kiroldegiko abonatuen kopuruan ere. Gipuzkoan bilakaera ere beheranzkoa da, eta Arrasaten, zehazki, % 47,25 jaitsi da 2021ean, Musakolako kiroldegiko abonatuen kopurua 2020ko datuekin alderatuta. Faktorea nagusiak dira: osasun egoera kontrolpean mantentzeko neurriak eta pandemiaren eragineko ziurgabetasuna.
Arrasateko kirol instalazioek 4.906 abonatu zituzten 2020ko urte hasieran; 2021ean 2.588 abonatu. Jaitsiera handiena eman da urteko plus abonuan, 2.121 abonatutik 957 abonatura. Hileko plus abonua pasatu da 585 abonatu izatetik 375 abonatu izatera. Abonu hezea, 1.589 abonatutik 881era, eta abonu lehorra, berriz, 611 abonatutik 375era.
Kiroldegiko ikastaroek ere behera egin dute: Egoitek ikasleak 809tik 190 izatera pasatu dira, eta 72 ikastarotatik 26 daude abian. Igerilekuko ikastaroei otsailean ekingo zaie, behin beiratea berrezarrita igerilekua berriro ere zabalik dago eta. 2020an 29 ikastaro eskaini ziren eta 240 ikaslek hartu zuten parte.
Pandemiak zerbitzuan eragindako aldaketak eta eragozpenak direla eta, udalak abonuak itzuli zituen martxo eta maiatz arteko konfinamendu garaian, eta baita abenduan eta urtarrilean ere, Musakolako igerileku zerbitzua etenda egon den garaian.
Ander Garay Kirol batzordeburuak azpimarratu duenez, “Udalak neurri berrietara egokitzen jarraituko du, pandemiaren bilakaera dela-eta sortu badira, betiere Musakolako kiroldegiko erabiltzaileen segurtasuna lehenetsiz eta ahalik eta eragozpen gutxien eragiten saiatuz.
Covid-19aren eragina nabarmena izaten jarraituko du 2021ean, eta horren ondorioz, herritarren erantzuna izango da pandemiaren bilakaeraren araberakoa. Horren aurrean, herritarrari konfiantza mezua helarazi gura diogu: kiroldegian segurtasun neurri guztiak bermatuta daude, eta garbiketa eta desinfekzio lanak egokituta daude egoerari erantzuteko”.
Abonuen prezioek ez dute igoerarik izango 2021ean
Udalak abonuen prezioak bere horretan mantenduko ditu 2021ean. Horrela, arrasatearrentzat urteko abonu plusa, helduen kasuan, 210,60 euro izango da, gazteentzat 125,50 € eta familiakoa 336,10 euro. Hilekoa, berriz, helduentzat 20,20 €, gazteentzat 12,10 €, eta familiarra 32,20 euro, hurrenez hurren.
Eremu lehorra eta hezea bereiziz, igerilekuko urteko bonuak 140,30 euroko prezioa izango du helduentzat, 83,60 € gaztetxoentzat, eta bonu familiarrak 224 euroko prezioa. Lehorrean prezioak berberak dira.
Udako abonuak 70,10 euroko prezioa du helduentzat, 41,70 € gazteentzat, eta 112 € familiarrak.
Haurren ikastaroak abian jarri dira Musakola kiroldegian
Musakolako igerilekua zabalik da otsailaren 6az geroztik. Joan den urtarrilaren 26an hasi ziren beiratea berrezartzeko lanak, azaroko haizeteak eraitsi zuena. Eremua behin atonduta, udala ohikoa eskaintzen hasiko da kiroldegian.
Behin igerilekua irekita, otsailaren 15ean hasiko dira umeen igeriketa ikastaroak. Otsailaren 15ean jadanik izena emanda duten ikasleekin hasiko gara, eta izen emate berriak eta zapaburuen ikastaroak (gaztetxoenak) martxoan hasiko dira.
Ikastaro horietan izena eman zuten gurasoek adi egon beharko dute ekainean, izan ere, orduan sms bidez informatuko zaie ikastaroaren inguruko antolaketari buruz ,eta epemuga bat izango dute izen emateari eusteko edo bertan behera uzteko. Hala ere, gurasoren batek ez badu mezurik jasotzen, aukera izango du kiroldegira deitu eta informazioa jasotzeko (Musakolako kiroldegia: 943 25 20 30).
Musakolako ikastaroen ate irekiak otsailaren 22tik 26ra
Musakolako jarduera gidatuetan ate irekiak egingo dira otsailaren 22tik 26ra bitartean. Gaur egun Musakolako kiroldegian hainbat jarduera gidatu eskaintzen dira: pilates, yoga, body balance, zunba, spining, spining-pump eta k-strech. Azken hori, k-strech, aurtengo ikasturtean martxan jarri da Musakolan, orain arte Uarkapen baino ez zen eskaintzen eta; arrakasta handiko ikastaroa da. Bertan, hamaka berezi batzuen bitartez, gorputzeko atalak luzatzea lantzen da. Horrela, arrasatearrek aukera izango dute, dohainik, gura duten ikastaroan izena emateko eta egun batez probatzeko.