Arrasateko Udalak Lanbiderekin elkarlanean sustatutako Basolan enplegu-formakuntza planak herriko 10 langabe kontratatu ditu urtebeterako

2023/02/10
Card image cap
Programaren helburua da 10 langaberi prestakuntza profesionala ematea, eta aldi berean, kontratatzea, baso mantenuaren arloan lana egin dezaten. Finean, laneratze prozesua erraztea.

Basolan enplegu-formakuntza plan pilotua abian jarri berri du Arrasateko Udalak Eusko jaurlaritzarekin elkarlanean. Basolan programa enplegu-formakuntza plan pilotu bat da, herriko 10 langaberekin burutzen ari dena, baso eta espazio naturalen mantenu arloan zentratuta.  Bere helburua da  10 pertsona horiei prestakuntza profesionala ematea, eta aldi berean, kontratatzea, baso mantenuaren arloan lana egin dezaten. 

Parte-hartzaileak dira 10 langabe, Arrasaten bizi direnak eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarrera (BGDS) edota Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen dutenak.

Helburua da kalteberatasun ekonomiko eta sozialeko egoeran dauden 10 langabe horien laneratze prozesua erraztea, eta horrekin laguntzea pertsona horien gizarteratze prozesua hobetzen. 

Urriaren 26an abiatu zen proiektua eta 12 hilabeteko iraupena izango du: 2 hilabetez formakuntza jaso dute 10 herritarrek eta gainerako 10 hilabeteetan %65eko jardunean arituko dira lanean Udalean, Alternantziako Formakuntza kontratu baten bitartez.

Formakuntza Bastida Akademia formakuntza zentroaren bitartez burutu da: “Mendiak kontserbatzeko eta hobetzeko jarduera osagarriak”. 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiriko edukietan zentratu da formakuntza profesionala.  Zeharkako formazioa ere eman zaie, lanean aritzearekin lotutakoa,  eta lana bilatzen laguntzeko orientazioa ere.

Udaleko baso, erreka eta natur guneetako mantenu lanetan ari dira jada, Udaleko Landa-lurreko teknikariarekin koordinatuta. Une honetan Antoniñako eremuan ari dira lanean, hango espazioa txukuntzen.  Orain arte Ziorlako begiratokian baso-garbiketa lanetan aritu dira.  2023ko urriaren 25a bitarte ariko dira lanean

Arrasateko Udala da proiektuaren sustatzailea, eta Eusko Jaurlaritzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez kudeatzen dituen Europar Next Generation fondoen finantzazioa jasotzen ari da, Espainiako Gobernuko “Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana”- ren baitan. Aurrekontua 305.618 eurokoa da. Lanbideren bidez etorritako finantzazioa: 236.512 € (% 77,39); Arrasateko Udalak finantzatuta:  69.106 € (% 22,61).

Edurne Unamuno Enplegu zinegotziak balioan jarri du programa: “lan-munduan sartzeko oztopo handiak aurkitzen dituzten kolektiboetako langabeen prestakuntza hobetzean jartzen du arreta. Kontua ez da soilik egoera kaltebera guztiak detektatzea eta babesa ematea. Enplegagarriak direnen kasuan, gizarte- eta lan-bizitzari berriro lotzeko aukerak ere eskaini nahi zaizkie. Etorkizuneko apustua da".

logos roll up basolan