Arrasateko Udalak kirol elkarteei zuzendutako formakuntza saioa antolatu du EKKO Eskola-Komunitatea-Kirola-Osasuna programaren inguruan

2024/10/25
Card image cap
Argazkia: Pexels RDNE Stock project
Arrasateko Udala, Arrasateko Herri Eskola, Arizmendi Ikastola, Leintza Eskola Kirola, Txatxilipurdi eta San Juan de Dios Ospitalea, elkarlanean dabiltza EKKO (Eskola-Komunitatea-Kirola-Osasuna) esku hartze komunitarioko proiektua garatzen.

EKKO egitasmoak helburuen artean du komunitatea babes faktore izatea osasunaren sustapenean, eta ulertzen du osasunaren sustapena eta prebentzioa hezkuntza formaletik haratago landu behar direla.

Hori dela eta, kirol elkarteetako koordinatzaile eta entrenatzaileei zuzenduta, formakuntza saio bat antolatu du Udalak, osasuna, prebentzioa eta kirolaren inguruan, bi orduko iraupena izango duena.

Formazio saio honen helburua da, gazteekin dauden entrenatzaile eta begiraleek eman ahal izatea oinarrizko informazioa eta aholkularitza ongizate emozionalaren inguruan, gazteek balio eta portaera-jarraibide egokiak eskura ditzaten laguntzeko.

Formazio saioa azaroaren 4an izango da, astelehena, 18:30etatik 20:30etara, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Saioa euskaraz izango da,  “Garaia Osasunerako Sustapena”-ko Ainhoa Lauzirika eta Ixone Akarregiren eskutik, EKKO programako hezitzaileen formatzaileak.

Izen ematea, urriaren 31era arte dago zabalik: izenemateak.arrasate.eus

EKKO programa LH5 eta  LH6ko ikasleei zuzenduta dagoenez, lehentasuna izango dute adin hauetako haurrekin diharduten entrenatzaile eta koordinatzaileek. Plazak baino interesatu gehiago badaude, elkarte bakoitzak erabakiko luke elkarteko zeini eman parte hartzeko lehentasuna.