Arrasateko Udalak Intxorta 1937 elkartea omenduko du azaroaren 10ean, memoria historikoaren arloan egindako lanagatik
2023/10/31Arrasateko Udalak Intxorta 1937 elkartea omenduko du, elkarbizitzaren eta memoria historikoaren berreskurapenaren alde egindako lan nekaezinagatik. Horrela adostu dute aho batez Bizikidetza batzordeko alderdi guztietako kideek.
Errekonozimenduko ekitaldi instituzionala izango da azaroaren 10ean, egubakoitza, 18:30ean, Kulturaten, klaustroan, eta udalak arrasatear guztiak gonbidatzen ditu aitortza garrantzitsu horrekin bat egin dezaten.
Ekimena gaur aurkeztu da prentsaurrekoan; Jasone Giraldok (EH Bildu), Agurne Juldainek (EAJ), Aritz Muruak (PSE) eta Eva Abuinek (Elkarrekin) aurkeztu dute.
Zehaztu dutenez, "2023. urtea berezia izan da, Udal Hauteskundeak direla eta, Bizikidetza batzordea berritu behar izan da, eta horren ondorioz, udal ordezkari berriak izendatu behar izan dira. Horrek batzordearen lanketa atzeratu du, eta horregatik, aurten azaroaren 10a ezberdina izango da, elkarte batek jasoko du-eta aitortza”.
Bizikidetza batzordeak bere lan dinamikari berrekin dio ikasturte berriarekin, bizikidetzarekiko eta memoria historikoarekiko konpromisoan aurrera egiten jarraitzeko”. Batzordekideek borondatea agertu dute datozen urteetara begira giza eskubideen urraketen biktimei aitortza egiten jarraitzeko.
Arrasateko Udalak memoriarekin eta bizikidetzarekin duen konpromisoa berretsi du, eta Intxorta 1937 elkarteari egindako aitortza hori da "urrats garrantzitsua, etorkizuneko belaunaldientzat memoria sendo eta partekatua eraikitzeko".