Arrasateko Udalak ikastetxeen eta udal eraikinen garbiketa zerbitzua indartu du Covid-19aren eraginez
2020/10/13Garbiketa zerbitzuak, koronabirusaren eraginez, hainbat aldaketa izan ditu alarma egoeraren hasieratik. Orain, normaltasun berrian murgilduta, Arrasateko Udalak erabaki du udal eraikinen garbiketa zerbitzua eguneratzea behin-behinean. Horretarako, informazioa eskatu zaie udal departamentu guztiei kudeatzen dituzten zerbitzuen garbiketa beharren inguruan, eta zerbitzu bakoitza sakonki aztertu da.
Alarma egoera ezarri zenetik, etapa bat baino gehiago izan ditu garbiketa zerbitzuak. Hasieran, eskolak itxita zeudenean, kale garbiketa zerbitzua indartu zen, desinfekzio lanak lehenesteko, batez ere kaleetan, ospitalean, anbulatorioan eta merkataritza gune handien sarreretan. Gaur egun, zerbitzua normaltasunera itzuli da. Mantentzen den garbiketa berezia haurren parkeen garbiketa zerbitzua da. Parkeak zabaltzeko araua irten zenean, eskatu zen haien garbiketa indartzeko, eta horren ondorioz, parke bakoitza astean bi edo hiru bider desinfektatzen da.
Orain, alarma egoeraren ostean argitaratu diren araudi eta gomendioetan eskatzen da eraikinetako garbiketa zerbitzuak indartzeko, eskoletakoa berezia izanik. Hori horrela, Arrasateko Udalak erabaki du eraikinen garbiketa zerbitzua indartzea. Lokal guztietan egokitu da zerbitzua, eta indartu da gune amankomunen eta asko ukitzen diren elementuen garbiketa. Bestalde, garbiketa zerbitzuak astero garbituko ditu lanpostuak, baina langile bakoitza arduratu beharko da bere lanpostuko azaleko garbiketaz. Bilera geletako mahai eta harrera guneetako manparak ere astero garbituko ditu garbiketa zerbitzuak, baina erabiltzaile edo arlo bakoitzak azaleko garbiketa egingo du erabiltzen den bakoitzean. Azkenik, garrantzitsua da, orain arte bezala, langile guztiek babes neurri guztiak errespetatzen jarraitzea. Hartuko diren neurriek, abendura bitartean, 68.652,72 euroko aurrekontua izango dute.
Eusko Jaurlaritzaren protokolo oro jarraitzeaz gainera, udalak garbiketa zerbitzua ia bikoiztu egin du Erguin, Bedoñabe eta Musakola ikastetxeetan, eta Bedoñabe eta Musakola haurreskoletan. Guztietan komunak 3 bider garbitzen dira eta esparru anitzeko gelak egunean birritan. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren protokoloari jarraituz, ohiko lanak sakonago eta egunero garbitzen dira, haurren mahaiak, teklatuak, aulkiak… Ikastetxeetako garbiketa zerbitzuaren errefortzuak 105.700 euroko inbertsioa ekarri du udalarentzat.