Arrasateko Udalak ezagutzera eman du zer egutegi eta hobari dagoen 2024ko zergak eta tasak ordaintzeko.

2024/01/17
Card image cap
25 hobari mota ezberdin jasotzen ditu ordenantza fiskalak; horietatik zortzi, berriak.

Zergen inguruko esku orri informatiboa banatu da etxez etxe. Dokumentuan jasotzen da 2024ko zergen gaineko informazio osatua: alde batetik Arrasateko egutegi fiskala eta, bestetik, tasak eta zergak ordaintzeko hobarien inguruko informazioa.

25 hobari mota daude lau aplikazio-eremu ezberdinetan banatuta: ondasun higiezinen gaineko zergak ordaintzeko hobariak, ibilgailuen zergak ordaintzeko hobariak, komertzio berriak sustatzeko hobariak eta obren gaineko zergak ordaintzeko hobariak.

“Helburua progresibitatea ezartzea bada ere, gai konplexua da eta denbora luzea beharko da hori ezartzeko. Bitartean, udalaren eskumenak diren tresnak erabiltzeko apustua egiten jarraituko dugu hobariekin, horiek baitira progresibitatera gerturatu gaitzakeen tresna eraginkorrenak gaur gaurkoz” azaldu du Joseba Ezpeletak Ogasun saileko zinegotziak.

Diru sarrera txikiak dituztenei zergak eta tasak ordaintzen laguntzeaz gain, “hobariek hainbat politika sustatzeko edo errazteko balio dutela” azaldu du Ezpeletak. Trantsizio ekologikoan urratsak emateko hobariak daude sustatu nahi diren politiken artean. Adibidez, ibilgailu elektrikoen edo hibridoen gaineko zergetan hobariak ezartzea, % 95 eta % 75ekoak, hurrenez hurren, energia berriztagarriak instalatzeko hobariak, edo eta hobariak ezartzea energia berriztagarriak dituzten ondasun higiezinen gaineko zergetan.

Zergak, udal zerbitzu publikoen bermea

Ogasun zinegotziak azaldu duenez “udalak eskaintzen dituen zerbitzu publikoak komunitarioak dira, eta guztion ekarpenari esker funtzionatzen dute. Kiroldegia, kirol elkarteei diru laguntzak, liburutegia, kultur eskaintza, gizarte zerbitzuetako laguntzak, gazteria politikak eta gurasoen formakuntzak, ludoteka eta gaztetxokoak, haur parkeak, berrurbanizazio proiektuak, argiteria, segurtasuna, ondare historikoa… Herriak funtziona dezan guztion ekarpena behar du, erakunde publikoena, enpresa pribatuena eta herritarrena. Kontrako kasuan, Arrasateko Udala paralisian eta kaudimen faltan aurkituko litzateke”.

Zentzu honetan, “Arrasatek beharrezkoak dituen azpiegituren inbertsioak bideratzeko ere garrantzitsua izango da udal efiziente eta kaudimenduna izatea. Datozen urteetan kiroldegi berriak, berrurbanizazioak eta kultur azpiegitura berriak izatea nahi baldin badugu, guztion ekarpena beharrezkoa izango da”. Ezpeletak, argitu du, gutxien duenak gutxiago ordainduko duela hobariei esker.

Hobari berriak 2024. urtean, bereziki komertzio berrientzat

2024 urteak zergak eta tasak ordaintzeko hobari berriak izango ditu, eta horien artean berrikuntzarik nabarmenenak dira komertzio berriak sustatzeko hobariak. Besteak beste jarduera irekitzeko baimena, lokalak jarduerara egokitzeko obretan edo eta zabor tasaren lehen hiru urtean % 95eko hobaria izango da. Horrez gain, ur tasaren kuota finkoa eta 50m3-rainoko kontsumoa ez dira ordainduko lehen hiru urtean. Neurri horiekin, helburua da negozio berrien iraunkortasuna eta egonkortasuna bermatzea.

Horrez gain, hobarietan bi lan esparru berri gehitu dira, helburu komunitarioak dituztenak: alde batetik, indusketa lanak egiteko obretan % 95eko hobaria izango da eta, bestetik, %50eko hobaria ere ezarri da Eusko Jaurlaritzak eraiki asmo duen osasun zentroarentzat.

Egutegi fiskala

Egutegi fiskalaren berri ere eman du udalak, “herritarraki informatu eta ordaindu beharreko zergak noiz eta zelan ordaindu behar diren jakinarazteko”.

Izan ere, zergak ordaintzeko, epe bat baino gehiago dago; esaterako, urtekoak, seihilekoak edo hiru hilean behin ordaintzen diren zergak. Arrasateko Udalak horien guztien berri eman du eta epealdien kobratze datak jakinarazi ditu. “Horiek ordaintzeko, herritar askorentzat garrantzitsua da aurreikuspenak egitea; horregatik, udal gobernuaren apustua izan da ordainketa egunak aurretiaz jakinaraztea”.

 

Eskuorria hemen deskargatu dezakezu