Arrasateko Udalak eta ostalariek akordioa izenpetu dute Terrazen Ordenantza egin eta lankidetzan jarraitzeko

2021/05/24
Card image cap
Arrasateko Udalak Terrazen Ordenantza sartuko du arau planean ekaineko osoko bilkuran. Hura lantzeko, gutxienez, 8 hilabete beharko dira. Partaidetzako prozesu bat egingo da, non Arrasateko bizilagunek eta herriko ostalariek parte hartu ahal izango duten. Konpromisoa hartu dute alde biek elkarrekin lanean jarraitzeko

Arrasateko Udalak eta Arrasateko Ostalariak elkarteak hitzarmena izenpetu dute Terrazen Ordenantza egin eta elkarlanean lan egiten jarraitzeko.

Azken hilabeteotan hainbatetan batu dira Covid-19aren pandemiak sektoreari sortu dizkion arazoei era partekatuan konponbidea bilatzeko. Ostalarien eskaeretako bat da, udalak jada emandako zuzeneko dirulaguntzekin eta tasen gaineko hobariekin batera, terrazei buruzko ordenantza bat egitea, eta udala ados dago eskaera horrekin, eta ostalariekin hartutako konpromisoa betetzen jarraituko du. Ordenantza izanik, berme osoa emango litzaieke sektoreak terrazetan egin behar izan dituen inbertsioei, eginak Covid-19ri aurre egiteko.

Udalak hainbat laguntza jarri ditu abian pandemiaren ondorioak arintzeko, hala nola zuzeneko laguntzak, material gastuak ordaintzeko laguntzak edo terrazetan egindako inbertsioen % 25 ordaintzeko laguntzak (gehienez 2.000 € establezimenduko).

Dena den ere, sektoreak beharrezkotzat jotzen du lehenbailehen egitea terrazen ordenantza bat, terraza horiek ordenatzeko eta udalerriko bizilagunekin bizikidetza egokia bermatzeko.

Hori oinarri, alde biek puntu hauetan oinarritutako akordioa sinatu dute:

1. Arrasateko Udalak konpromisoa hartzen du terrazei buruz ordenantza egiten hasteko, eta, horregatik, ordenantza hori arau planean sartuko du ekaineko osoko bilkuran.

2. Ordenantza lantzeko, gutxienez, 8 hilabete beharko dira.

3. Arrasateko Udalak dekretu bat egingo du, ordenantza amaitu arteko inbertsioak bermatzeko.

4. Udalak konpromisoa hartzen du Arrasateko Ostalariek aurkeztutako proposamenak lantzeko.

5. Partaidetzako prozesu bat egingo da 39/2015 Legeari jarraituz, non Arrasateko bizilagunek parte hartu ahal izango duten, baita ere, ostalaritzaren sektoreko ordezkariek.

6. Partaidetzako prozesua egingo da Hirigintzako Aholku Kontseiluaren bidez, zeinetan udalerriko kolektibo guztiek baitute ordezkaritza.

7. Konpromisoa hartzen da elkar ulertuz eta era kolaboratzailean elkarrekin lanean jarraitzeko,  elkarrizketaren bidetik at alde biek konfrontazioren bidea ez erabiltzeko.