Arrasateko Udalak eta Mondragon Unibertsitateak elkarrekin eragingo dute gazteengana enplegua hurbiltzeko.

2014/06/06
Card image cap
Elkarlan hitzarmen bat sinatu dute Lanbai enplegu azoka elkarrekin antolatzeko. Alkateak azpimarratu du hitzarmen honek enpleguan eta garapenean elkarrekin eragiten jarraitzeko ateak zabaldu dituela.

Arrasateko alkate, Inazio Azkarragaurizarrek eta Mondragon Unibertsitateko errektore, Iosu Zabalak sinatu dute Lanbai enplegu eta formazio azoka elkarrekin antolatzeko hitzarmena. Azoka hau lan bila dabilen edonori irekia da, bere ikasketak edonon garatu dituela ere.

Datorren ekainaren 19an ospatuko da Lanbairen bigarren edizioa, iaz Lanbideren babesarekin antolatu zuen MUk azoka eta, aurten, Arrasateko Udalarekin elkarlanean ari da antolatzen.

Hain zuzen, gaur sinatu den hitzarmena da lankidetza horri bermea ematen diona. Beste esparru batzuetan harremana baduten arren, orain arte ez da unibertsitatearen eta Udalaren artean lankidetzarik egon enplegua.  Alkatearen hitzetan “hitzarmen honekin ateak zabaldu ditugu Arrasateko garapenari lankidetzan bultzada emateko”.

Hitzarmena Udala-MU

Arrasaten lana sustatzeko ildoetako bat

Udalak aspalditik izan du asmoa enplegu azoka bat antolatzeko, eskualdeko enpresei eta lan bila dabiltzanei zuzenduta. Eta iaz Unibertsitateak Lanbairen lehen edizioa antolatu zuenean begi onez jarraitu zuen.  Arrasaten enplegua sustatzeko plan orokorra osotzerakoan nabarmendu zen berriz enplegu azokaren beharra.

Dagoeneko Mondragon Unibertsitateak pauso hori emana zuenez, elkarlanean aritzeko proposamena luzatu zion udalak eta, aldi berean, Lanbairi  Mondragon unibertsitateaz haratagoko dimentsioa emateko planteatu. Horixe izango da, hain zuzen, aurtengo edizioaren berrikuntzetako bat.

Lanbai enplegu azoka ekainaren 19an

Graduatuak eta enpresa eta erakundeak harremanetan jarri eta graduatu ondoren dauden formazio aukera espezializatuak ezagutu. Horiexek dira Lanbai, II. Enplegu eta Formazio azokaren helburuak.

Ekainaren 19an ospatuko da,  Mondragon Unibertsitateak Garaia Berrikuntza gunean duen eraikinean, 15:00etatik 19:00ak arte. Azoka hau langabezian dauden edo beraien formazioa aberastu nahi duten pertsona guztiei dago zabalik.

Azokaren lau guneak

Azokak ondo bereizitako lau gune izango ditu:

  • Lan poltsa eta orientazioaren gunea
  • Curriculumak uzteko egokitutako enpresa gunea
  • Elkarrizketak egiteko gunea
  • Unibertsitateak duen formazio espezializatuari zuzendutako gunea, bai unibertsitate masterrak, baita profesionalei zuzendutako prestakuntza ere.

Hitzaldiak ekainaren 16tik 18ra

Aurtengo beste berrikuntza bat da azokaz gain, enpleguarekin eta laneratzearekin zerikusi zuzena duten hainbat hitzaldi antolatu direla. Ekainaren 16an, 17an eta 18an izango dira, Kulturaten, 18.00etan hasita.

Hitzaldi hauek ere irekiak dira eta edonork du bertaratzeko aukera.

Azokari buruzko informazio gehiago:

http://lanbai2014.mondragon.edu/eu?set_language=eu