Arrasateko Udalak zuzenean dirulaguntzak emango dizkie ostalariei
2020/12/11Arrasateko Udalak zuzenean dirulaguntzak emango dizkie ostalariei. Joan den eguaztenean Eusko Jaurlaritzako LABI aholku batzordeak iragarri zuen Covid-19a dela-eta hartutako neurrien malgutzea, baina 100.000 biztanleko 500 positibotik gora duten herrietan ostalaritzak itxita jarraituko duela. Azken kasu horretan dago Arrasate. Horren aurrean, udalak sektorea laguntzen jarraituko du.
Ostalariekin eguen arratsaldean, abenduak 10, bilera izan ostean, Udalak hartu dituen laguntza neurri berriak partekatu ziren. Zuzeneko dirulaguntzak izango dira establezimenduak dituen langile kopuruaren araberakoak:
- 1.000 euroko dirulaguntza zuzenean, itxita egondako hilabete bakoitzeko 0-3 langile artean dituzten ostalaritza saltokientzat.
- 1.200 euroko dirulaguntza zuzenean, itxita egondako hilabete bakoitzeko 4-6 langile artean dituzten ostalaritza saltokientzat.
- 1.400 euroko dirulaguntza zuzenean, itxita egondako hilabete bakoitzeko 7 langile edo gehiago dituzten ostalaritza saltokientzat.
Horrez gain, udalak laguntzak eskaini ditu Covid-19aren pandemiagatik 2020an ostalaritza eta bestelako aktibitateek kaleko terrazetan egindako inbertsioetarako, zerbitzua emateko eginak; urtarriletik aurrera bigarren deialdi bat zabalduko da. Era berean, 2021ean ere hobariak izango dira ur eta zabor tasaren gainean, eta terrazen kuotan ere bai, eta terrazen azalerak handituko dira.
Arrasateko Udalak nabarmendu du “oso kontziente” dela sektoreak bizi duen duen egoeraz eta “horregatik gertutik eta era kolaboratiboan lagundu nahi diegu. Hartu-emanak jarraipena izango du datozen asteetan ostalaritza jardueraren eboluzioa aztertzeko eta babes neurriak egokitzen joateko. Inork ezin du atzean gelditu, eta udala gertu izango da sektorea babesteko”.
Osasun sailak 6 urtetik gorako Arrasateko biztanleria deitu du PCR froga egiten joateko
Osasun Sailak eta Osakidetzak, egiten dituzten zaintza eta kontrol lanen barruan, herritarren lankidetza eskatzen dute, eta 6 urtetik gorako Arrasateko biztanleria guztiari eskatzen diote PCR proba egiten joateko.
Proba egiteko, herritarrek aldez aurretik hitzordua eskatu behar dute abenduaren 11tik aurrera, eta aste osoan, asteburua barne, 08:00etatik 20:00etara bitartean, telefono honetara deitu:
Arrasateko osasun zentroa: 943 03 52 50 edo Osasun aholkuan: 900 20 30 50.
PCR probak egiteko, azpiegitura jarriko da Arrasateko ospitaleko kanpo kontsulten eraikineko beheko solairuan, abenduaren 14tik (astelehena) abenduaren 18ra arte (egubakoitza).
PCRak 08:00etatik 20:00etara egingo dira. Ikastetxeetako eta Unibertsitateko ikasleek, PCR lagina hartu gura izanez gero, ez dute hitzordua eskatu behar, hitzordua ikastetxeetako zuzendaritza taldeekin antolatuko baita. Emaitza guztiak SMS bidez jakinaraziko dira.
Mugikortasun arazoak dituzten pertsonek ere proba egin ahal izateko, osasun zerbitzuak agenda bereizi bat eskainiko die, ibilgailutik jaitsi barik.
Horretarako, pertsona horiek hitzordua telefonoz eskatzen dutenean, adierazi beharko dute PCRa ibilgailuan egin gura dutela, arratsaldean ordutegi zehatz bat izango duena.
Osasun Sailak eta Osakidetzak herritar guztiei gogorarazten diete: COVIDekin bateragarriak diren sintomak edukiz gero –besteak beste, sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasunak edo usaimenaren galera– etxean geratzeko, isolatu daitezela eta osasun zentrora deitu dezatela.
Arrasateko Udalak bat egiten du Osasun saileko eta Osakidetzako eskaerarekin, eta arrasatear guztiei dei egiten die frogetara aurkeztu daitezen, herriko fokoa eta egoera ahalik eta agudoen hobetzeko. “Ardura banakakoa izan behar da; zaindu dezagun komunitatearen osasuna”.