Arrasateko Udalak bultzatutako prestakuntza inklusiboko enplegu proiektuko diplomak banatu dituzte

2024/10/29
Card image cap
Plan honetan 10 pertsonek parte hartu dute eta formazioko ziurtagiri bikoitza lortu dute. Honek lan merkatuan konpetentzia gehiagorekin postulatzea ahalbideratuko die. Enplegu formakuntzako proiektua Arrasateko Udalak antolatu du eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuta egon da.

Arrasateko Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu sailaren finantziazioaz baliatuta eta Lanbideren laguntzarekin, enplegu-formakuntza proiektu inklusiboa jarri zuen martxan 2023ko azaroan, eta aste honetan amaitu da diploma banaketarekin. Diploma banaketa ekitaldi horretan izan dira Udaleko zein Jaurlaritzako ordezkariak.

Lana eta formakuntza uztartzen dituen programa

Guztira langabezia egoeran zeuden 10 pertsonek parte hartu dute programa honetan. Lana eta formakuntza uztartzen duen egitasmo honi esker, pertsona hauek titulazio bikoitza lortu ahal izan dute, “Akabera zurruneko eta urbanizazioko eragiketa osagarriak” ziurtagiria eta “Fabrika eta estalkietako igeltserotza” ziurtagiria.

“Arrasateko Udaletik positiboki baloratzen dugu proiektua, izan ere, 12 hilabetez teoria eta praktika uztartuz, pertsona hauek bide profesional berri bati ekin ahal izan diote. Onuradunak pozik ikusi ditugu, eta, guk ere, balorazio ezin hobea egiten dugu” adierazi du Jaime Bengoak, Tokiko Ekonomia eta Enplegu zinegotziak.

Arrasateko obra publikoetan praktikak

Ikasitako aldagai teorikoak Arrasaten bertan praktikan jartzeko aukera izan dute ikasleek. Besteak beste, honako lan hauek egin dituzte:

  • Biltegi estali baten eraikuntza integrala
  • Zarugalde-Munar inguruko berrurbanizazio lanak
  • Hainbat udal kirol gunetan birgaitze lanak: Musakola, Mojategi eta Iturripe
  • Udal lurzatian eraikuntza-materialen biltegiratzea berrantolatzea
  • Santa Teresa-Doneztebe berroneratzeko proiektuari lotutako obrara bisita, berrurbanizazioaren aurreko lanak ikusteko: lurrak kentzea, bide-zoruak prestatzea...

Enplegu-formakuntza plana burutu ahal izateko, Arrasateko Udalak Bastida Akademiaren languntza teknikoa izan du, lizitazio bidez hainbat zerbitzu eta hornidura azpikontratu baitizkio, hala nola, formazioa, lanerako orientazioa, lanen zuzendaritza edo eta ikasteko baliabide materialak (makinak, erramintak, ibilgailua...).

Programa honen bitartez 10 parte hartzaileek ziurtagiri profesional bi eta 10 hilabeteko lan esperientzia eurenganatu ahal izan dute, eta horrek, zalantzarik gabe, lan merkatuan konpetentzia gehiagorekin postulatzea ahalbideratuko die.

Formazioa4.jpg

Formazioa2.jpg