Arrasateko Udalak asteburuetako Gaztegunea Musakolara lekualdatu du behin-behinean, zerbitzua berregokitzeko, bizikidetzaren mesedetan

2021/02/16
Card image cap
Gaztegunea eta haren kanpoaldea desadostasun gune bihurtu dira auzotarren, bizilagunen eta zerbitzuaren erabiltzaileen artean

Arrasateko Udaleko Gazteria sailak Gazteguneen zerbitzua berrantolatuko du, eta Gaztetxokoko asteburuetako jarduerak Musakolara lekualdatuko ditu behin-behinean, auzotarrekin, bizikidetzan, gorabeherak sortu dira-eta. Otsailaren 19tik aurrera, asteburuko zerbitzua Musakolako gaztelekuan eskainiko da. Zerbitzua astegunetan mantenduko da gainerako gazteguneetan.

Orain arte, zapatu eta domeketan, auzoetako gazteguneak itxita egon dira; hau da, erdigunekoa da asteburuetan nerabeei zuzendutako zerbitzu bakarra. Horregatik, nerabeen topagunea da, baita kanpoaldea ere.

Zerbitzuak hainbat urtetan gorabehera ugari sortu du auzotarren artean, eta, azkenean, auzotarrek sinadurak bildu dituzte Gaztegunearen ondoko atarietan, eta agerian utzi dira zerbitzuak komunitateari sortzen dizkion eragozpenak eta desordena eta lekuz aldatzea eskatu dute.

Urte askoan ahaleginak egin badira ere komunitatearen eta erabiltzaileen artean bizikidetza hobetzeko, hala nola lokalaren intsonorizazioa, hainbat bilera begiraleekin, familiekin eta bizilagunekin; azkenik, udalak, komunitateak eskatzen duen lasaitasun premiei erantzunez, erabaki du asteburuetan eskaintzen den zerbitzua Musakolako gaztetxokora lekualdatzea, behin-behinean. Horrela, lortu gura da zerbitzua etxeguneetatik kanpo eskaintzea eta zerbitzuaren erabiltzaileek beharrezko askatasunez jardutea, eta, aldi berean, bizilagunen ongizatea bermatzea.

Aldaketa behin-behinekoa da; izan ere, gaztetxokoaren zerbitzua erdigunetik tren geltoki zaharrera aldatzea aurreikusten da, Lanbidek aurtengo irailean bere bulegoak eramaten dituenean ELMA eraikineko beheko solairura.