Arrasateko Udalak “positiboki” baloratu ditu sanjuanak, eta parte hartze handia azpimarratu du

2023/06/29
Card image cap
Herritarrek aktiboki parte hartu zuten programatutako jardueretan, eta eragile sozialen eta kulturalen inplikazioa baloratzen da. “Eragile horiek lan bikaina egin dute”, eta Arrasateko Udaleko arduradunek eskerrak ematen dizkiete

Arrasateko Udalak San Juan jaien balorazio “positiboa” egin du. Jaien alderdirik nabarmenetako bat izan da herritarren parte hartzea. Arrasatear askok herrian geratzea erabaki zuten, eta hori ospakizunetan kaleen animazioan islatu zen. Herritarrek, oro har, aktiboki parte hartu zuten programatutako jarduera askotan, eta “horrek agerian uzten du konpromisoa eta nahia dagoela auzolanean udalerria hobetzen laguntzeko”. Era berean, “oso modu positiboan” baloratzen da eragile sozialen eta kulturalen inplikazioa, “lan bikaina egin baitute” eta Arrasateko Udaleko arduradunek eskerrak eman gura izan dizkiete.

Jai hauek beste bultzada bat eman diote herriko ostalaritzari, eta lagundu dute pandemiaren ondorioz igaro zituzten une zail haiek gainditzen. Gainera, egitarau askotarikoa diseinatu da, adin guztietara egokitua, herritar guztiek jaiez gozatu dezaten.

Nabarmendu da: “Egun hauetan, bizitzaz beteriko Arrasate baten lekuko izan gara. Orain, erronka da bizitasun hori urte osoan zabaltzea, herriaren parte hartze aktiboa eta etengabeko garapena sustatuz”.

Garrantzitsua da azpimarratzea Arrasaten jaiegun hauetan ekintza jendetsu ugari izan dela. Nabarmentzekoak dira Errementari dantza ekainaren 23an, Dragoi Jana eta Chambaoren kontzertua ekainaren 24an, Zeuk ein zeuk jan herri bazkaria, Eguzkilaru, Pirritx eta Porrotxen ikuskizuna, eta txosnetako kontzertuak ekainaren 25ean. Gainera, arrakasta handia lortu duten eskala txikiagoko ekimen eta ekitaldi asko egin dira, hala nola Bertso saioa, Iago magoa, Goxuan Salsan taldearen kontzertua, eskualdeko musika taldeen kontzertuak Arrasateko txosnetan 23 eta 24an, eta Trakamatraka ikuskizuna.

Erasoa gizon bati

Hala ere, balorazio positiboa lausotu egin da ospakizun hauetan, zapore mingotsa utzi duen gertakari larri baten ondorioz. Tamalez, gizonezko batek erasoa jasan zuen zapatuan, ekainaren 24an, izandako liskar batzuen ondorioz, eta ospitalean egon behar izan du hainbat egunez. Udaleko talde politiko guztiek salatu dituzte gertakari horiek, eta udalak berretsi egiten du konpromisoa eragileekin eta herritarrekin batera lan egiteko, indarkeriazko jarrerak prebenitzeko, gatazkak kudeatzeko, eta bizikidetza eta herritarren kohesioa sustatzeko.

Mila esker!

Arrasateko Udalak eskerrak ematen dizkie herritar eta bisitari guztiei, bai eta eragile sozialei eta kulturalei ere, jaiegun hauek antolatzen egindako lanarengatik. Udal langileei ere zabaldu die eskertza mezua. “Elkarrekin lan egiten jarraituko dugu bizikidetza baketsua sustatzeko eta indarkeria egoerak prebenitzeko, guztiontzako udalerri hobea eraikitzen jarraitzeko”.