Arrasateko Udalak ‘Txikiak egiten gaitu Haundi’ kanpainaren baitan, 450.000 euroko eragin zuzena izango duten 15.000 bono jaulki ditu bertako kontsumoa suspertzeko
2020/05/27Koronabirusak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, herriko saltoki asko itxita egon dira, eta deseskalatze fase ezberdinen baitan ari dira zabaltzen. Arrasateko Udalak, herriko negozioei itxialdiak ekarritako krisiari buelta ematen laguntzeko, laguntza lerro ezberdinak jarri zituen abian apirilean. Orain bonoen salmentari ekingo zaio astelehen honetan, ekainak 1, ‘Txikiak egiten gaitu Haundi’ lelopean. Helburua da bertako kontsumoa suspertu eta Arrasateko familiei laguntzea egoera zail honi aurre egiten.
‘Txikiak egiten gaitu Haundi’ kanpainak hiru lan-ildo ditu: 450.000 euroko kontsumo bonoak, bertako saltoki eta zerbitzuetan kontsumitzeko sentsibilizazio kanpaina, eta itxita egon diren edo zerbitzu minimo bat eskaini duten 15 langile edo gutxiagoko enpresei 2020ko lehen sei hilabeteetako ur, zabor eta mahai eta aulkien tasak ez kobratzea. Tasen bonifikazioa BAZen edo telematikoki tasak.arrasate.eus helbidearen bitartez burutu daiteke.
Bonoen kanpainak herriko negozioetan gastatzeko 450.000 euro jarriko ditu zirkulazioan, 30 euroko balioa duten 15.000 bonoen bitartez. Herritarrak 10€ ordainduta 30 euroko balioa eskuratuko du; Arrasateko Udalak finantzatuko ditu gainerako 20 euroak.
Familia bakoitzak, kideen arabera, bonu 1 edo bi izango ditu erreserbatuta
Bonoak ekainaren 1etik aurrera eskura daitezke eta gastatzeko epemuga 2020ko urriaren 31a izango da. Ekainaren 1etik abuztuaren 31a bitarte erosi ahal izango dira.
Arrasateko familia bakoitzak bono bat edo bi izango ditu erreserbatuta: 1 edo 2 pertsonako familia unitateak bono 1, eta 3 edo gehiagoko familia unitateek 2 bono. Saltoki bakoitzak erabakiko du kanpainan parte hartu edo ez. Udalak zuzenki igorri die informazioa herriko zerbitzu enpresa, ostalaritza eta merkataritza saltoki guztiei.
Bono bakoitza hiru frakzioz osatuta dago: 5€, 10€ edo 15€. Frakzio bakoitza zatiezina da; erosketa bakoitzean, gutxienez, horietako frakzio oso bat erabili ahal izango da. Bonoak gastatzeko Nortasun Agiria aurkeztu beharko da aldi berean.
Bonoak Arrasateko establezimenduetan soilik erabili ahal izango dira: denda edo zerbitzuak. Kanpainatik kanpo geratuko dira azalera handiko saltokiak, loteria eta bestelako joko establezimenduak, farmaziak, estankoak, gasolindegiak eta janari dendak.
BAZen eta Udaletxean salduko dira ohiko ordutegian. Txartel bitartez ordaindu beharko dira.
Bonuei buruzko informazio gehiago behar izanez gero jo honako web orrialdera: www.txikiakegitengaituhaundi.eus.
Herriko saltokietan kontsumitzeko sentsibilizazio kanpaina
Gaur aurkeztu den bonoen ekimen hau Udalaren sentsibilizazio kanpaina zabalago baten kokatu behar da, herriko saltokietan kontsumitzera bultzatzekoa, hain zuzen. Herrian erosteak duen garrantzia eta dakarren onurak nabarmentzea da jomuga. Merkataritzak enplegua sortzen du, ekonomikoki garrantzitsu da, gertuko eta konfiantzako den zerbitzuak eskaintzen dizkigu, azken finean, bizi kalitatea Arrasatearrontzat. Behar ditugu, beraz, zaintzea dagokigu. Kanpaina honek aurrerago ekimen gehiago abian jarriko ditu.