Arrasateko Udalak ‘Lan r Bai’ programa indartu du, gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonei egokitutako prestakuntza zerbitzu integrala eskaintzeko

2023/02/03
Card image cap
Programak baliabideak eta tresnak transferitu gura dizkie erabiltzaileei, ibilbide bat garatu dezaten, inklusioa eta hezkuntza babestu eta prestakuntza teoriko-praktikoa emateko.

Arrasateko Udalak ‘Lan r Bai' programa indartu du, gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonei egokitutako prestakuntza zerbitzu integrala eskaintzeko. 16-25 urteko gazteak gizarteratzeko proiektua da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, ‘Elkar Ekin Lanean: Aktibazio eta enplegagarritasun inklusiborako estrategia’ programaren bitartez, Kalexka Elkartearekin eta Debagoieneko Mankomunitatearekin batera.

Proiektua lehen fasea da arrisku edo bazterketa egoeran dauden gazteekin lan egiteko, abiapuntu gisa gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak garatzeko. Proiektu horrek oinarriak ezarri gura ditu, erabiltzaile horiek, hurrengo faseetan, prestakuntza edo lan prozesu babestu edo normalizatuetara jo ahal izan dezaten, etorkizunean lan munduan modu egonkorrean parte hartu dezaten.

Proiektua 2019an sortu zen, Hondarribia kaleko 1-3 udal jabetzako eraikinean. Tailer eskola bihurtu zuten, 110.000 euroko udal inbertsioarekin. Ordutik 119 pertsonak parte hartu dute.

Maitane Muñoz Goikoetxea Garapen Komunitarioko zinegotziak nabarmendu du “ezinbesteko” proiektua dela gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonen laneratzea bultzatzeko: “urte hauetan programa honetan parte hartu duten pertsonei tresnak eskaini zaizkie dozenaka pertsonen laneratzea bultzatzeko. Hezkuntza ezinbestekoa da gizarteratzea errazteko, are gehiago egoera horretan dauden pertsonentzat. 'Lan r Bai' programak lagundu du eta jende askoren bizitza hobetzen eta hala egiten jarraituko du aurrerantzean”.

‘Lan r Bai’-k Hondarribia kaleko eraikinean jarraituko du hurrengo hiru edizioetan, bi 2023an eta bat gehiago 2024an. Aurrekontua 128.721,54 eurokoa da. Parte hartzaileek honako lan hauek egingo dituzte: fatxadako horma hobetzea, sarrerako atea birgaitzea, sarrerako eskailerak konpontzea, igogailuaren inguruan egurrezko kaila jartzea, baratzea txukuntzea, eustorma berritzea, lorategiz hornitutako eremu bat jartzea, estalpeko fatxada birgaitzea, atzeko korridoreko lurzorua birgaitzea, biltegia berritzea, pintura lanak egitea edo sukaldea berritzea, besteak beste.

Proiektu honek biltzen ditu: banakako tutoretza, ibilbide pertsonalizatuak adosteko; kokapeneko talde tailerrak, prestakuntzari eta enpleguari dagokienez (100 ordu); lan orientazioa/gaikuntza digitala (50 ordu); lanbideekin lotutako lanaldi aurreko tailerrak, Hondarribi kalearen birgaitzearen bidez (arotzeria, igeltserotza, iturgintza eta lorezaintza/baratzea); prestakuntza ekintza kualifikatzaileetara laguntzea eta bideratzea, eta enplegu bilaketa aktiboan eta laneratzean laguntzea.

LAN-r-Bai, baztertutako kolektiboen prestakuntza

Programaren helburua da ibilbide inklusibo pertsonalizatuak sortzea, aukera emango dutenak prestakuntza normalizatuan edo lan merkatuan sartzeko, gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonei egokitutako prestakuntza enpleguaren bidez, gizarte eta hezkuntza laguntzaren eta beharrezko tresnak, baliabideak eta trebetasunak eskuratuz. Ekimen honekin Gizarte Zerbitzuek egindako lana osatu gura da.

Programak baliabideak eta tresnak transferitu gura dizkie erabiltzaileei, inklusioa eta hezkuntza eta prestakuntza teoriko-praktikoa lagunduz ibilbide bat garatu dezaten. Sustatu gura da baliabideak eta tresnak eskura izatea, berdinekin, helduekin eta ingurunearekin harremanak izateko, bai eta eguneroko bizitzako antolaketa egitura egokia izatea ere.

Programaren helburu taldea

Ekimenean parte hartu duten pertsona guztiei bazterketa egoeraren balorazioa egin zaie aldez aurretik, Arrasateko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarteratze Departamentuaren tresnen bidez (Gizarte.net tresnak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Gizarte Bazterkeria Baloratzeko Tresna Teknikoa eta Txosten Soziala).

Programa zuzentzen zaiei: Gipuzkoako Foru Aldundiaren familia eta egoitza harrerako baliabideetatik atera diren 18 eta 25 urte bitarteko gazteei, bazterkeria egoeran dauden helduekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko programan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarteratze Departamentuaren Laguntza Espezializatuko Programan parte hartzen duten helduei, genero indarkeriaren biktima diren emakumeei, etorkinei edo gutxiengo etnikoei (bereziki, emakumeen kolektiboari) eta baztertuta dauden, desgaitasuna duten edo balorazio prozesuan dauden pertsonei.