Arrasateko Udalak 12 milioi euro inbertitu du herriko auzoetan azken 7 urtean, erdigunean baino 4 bider gehiago

2022/03/09
Card image cap
Jarduera horiek izan dira, besteak beste, irisgarritasuna bermatzea mugikortasun bertikaleko azpiegituren bidez, espaloiak eta asfaltoa hobetzea, zuhaitzak landatzea, hobekuntzak egitea hiriko eskoletan eta parkeetan, edo berdeguneetan.

Arrasateko Udalak, azken 7 urtean, ia 12 milioi euro inbertitu du herriko auzoetan, erdigunean inbertitu dena baino 4 bider gehiago (erdigunean 3.310.000 € inbertitu da). Auzoetan egin da inbertsioen % 78 eta erdigunean % 22.

Guztira 36 ekimen dira egindakoak edo egiteko bidean direnak (2022ko aurrekontuan jasoak), Kulturola, kirolarekin lotutako inbertsioak eta Juan Azarmendi Musika Etxea kontuan hartuta. Inbertsioetara bideratutako aurrekontua 35,5 milioi eurokoa izan da zazpi urtean.  Horietatik kultura eraikinetara bideratu da gehien, 13.350.000 €, urbanizazio lanetara 6.634.000 €, igogailu publikoak ezartzera 5.384.000 €, haur parkeen berritzera 2.135.000 €, kirol inbertsioetara 862.000 €, asfaltatze lanetara 783.000 € eta espaloiak konpontzeko 500.000 €, beste hainbaten artean.

Maria Ubarretxena alkateak, eta Victoriano Fuentes eta Ander Garay zinegotziek eskaini dituzte xehetasunak prentsa agerraldian. Zehaztu dute, jarduera horiek, besteak beste, izan direla irisgarritasuna bermatzea mugikortasun bertikaleko azpiegituren bidez, espaloiak eta asfaltoa hobetzea, zuhaitzak landatzea, hobekuntzak egitea hiriko eskoletan eta parkeetan, edo berdeguneetan, beste hainbaten artean.

Udalak inbertsio plan zehatza jaso zuen Udal Gobernu Programan lehenik, eta haren ostean 2019-23 Herri Planean. Gidalerro horri jarraikiz joan dira, urtez urte, inbertsioak garatzen udalerri osoan. Ubarretxenaren hitzetan, “auzoetan zer behar dagoen identifikatu eta jakiteak, egoki planifikatzeak eta inbertitzeko gaitasuna ondo pentsatuta kudeatzeak aukera eman digute azken urteetan inbertsio kopururik handiena egiteko auzoetan”.

San Andres auzoan inbertitu da baliabide gehien, 2.852.000 €, jarraian, Erguin-Gorostiza auzoan (2.802.500 €). Zerrenda osotik, guztira 7 proiektu exekutatuko dira 2022an: Makatzena-Obenerrekako Parkour parkea (200.000 €), Musakolako Legarre plazako parkea (80.000 €), Santa Teresako igogailuak (2.200.000 €), San Andresen Leintzibar Foruen bidegorria (320.000 €), Uribe auzoko parkea (40.000 €), Gautxori eremuaren berrurbanizazioa (1.300.000 €) eta Garagartzan fibrozementuzko hodiak aldatzea (460.000 €). Erdigunean, 2022an, zuntz optikoa ezarriko da (220.000 €) eta eguneko zentro berria (475.000 €) egingo da.

Proiektuak idaztea ere abian da, etorkizun hurbilean proiektu berriak garatu daitezen: hala nola, Jose Luis Iñarra kalearen urbanizazioa, Santa Teresa auzoko berrurbanizazioa eta Grupo San Juan eraberritzea.

Hona hemen inbertsio guztiak, auzo bakoitzeko inbertsio mailaren arabera ezarriak:                                                            

San Andres auzoan, 2.852.000,00 €:

  • Kurtzetxiki haur parkea - 70.000,00 €
  • Araba etorbidea berrurbanizatzea - 1.892.000,00 €
  • Leintzibar Foruen bidegorria - 320.000,00 €
  • Umezaintzako biribilgunea - 200.000,00 €
  • Alfontso VIII kalea - 370.000,00 €

Erguin-Gorostiza auzoan, 2.802.500 euro inbertitu da:

  • Itxaropenako haur parkea eraberritzea -  330.000,00 €
  • Gorostizako haur parkea eraberritzea - 230.000,00 €
  • Gorostizako espaloiak - 42.500,00 €
  • Erguingo igogailuak - 2.200.000,00 €

Santa Teresa auzoan, 2.200.000,00 €:

  • Santa Teresako igogailuak – 2.200.000,00 €

Makatzena-Obenerrekan, 1.733.000 €:

  • Parkea eta frontoia eraberritzea - 434.000,00 €
  • Makatzenako igogailuak - 984.000,00 €
  • Parkour parkea - 225.000,00 €
  • Makatzena goiko konponketa lanak -  90.000,00 €

Baserri auzoetan, 890.000,00 €:

  • Barrenatxo - 42.000,00 €.
  • Patxizenako teilatua konpontzea - 62.000,00 €
  • Fibrozementuzko hodiak kentzea- 460.000,00 €
  • Ingurumen Eskola teilatua eta frontoia - 120.000,00 €
  • Garbitokia (labaderoa) - 40.000,00 €
  • Goiko zatia eraberritzea - 30.000,00 €
  • Haur parke berria - 31.000,00 €
  • Gesalibarko eustorma - 88.000,00 €
  • Bedoñako biribilgunea – 200.000 €

Uribe auzoan eta Uribarri etorbidean, 631.000,00 €:

  • Uribe auzoko parkea - 40.000,00 €
  • Uribeko espaloiak - 21.000,00 €
  • Takolo-Goiru Uribarri etorbidea - 570.000,00 €
  • Gautxoriko berrurbanizazioa – 1.300.000 €

Musakolan, 505.864,00 €:

  • Legarre plaza - 80.000,00 €
  • Herri Eskolako transformadorea kendtzea - 232.864,00 €
  • Gipuzkoa etorbideko espaloia -110.000,00 €
  • Nao Santiagoko haur parkea - 83.000,00 €

Munar inguruan, 491.000,00 €:

  • Ur txorroen parkea - 400.000,00 €
  • Munarko haur parkea - 31.000,00 €
  • Udala plazako eraikina - 60.000,00 €

Erdialdean, 3.310.000,00 €:

  • Ekobulebarra - 2.092.000,00 €
  • Zaldibarko haur parkea - 30.000,00 €
  • Biteriko haur parkea - 120.000,00 €
  • Garibaiko espaloiak - 200.000,00 €
  • Txiki Txokoa - 30.000,00 €
  • Pablo Urangako espaloiak - 127.000,00 €
  • Arpolapetako arkua - 16.000,00 €
  • Eguneko zentroa - 475.000,00 €
  • Zuntz optikoa - 220.000,00 €