Arrasateko Udalak 12 kontratazio egingo ditu datozen hilabeteetan

2014/07/09
Card image cap
Udalak herriko langabeak kontratatuko ditu interes publikoko lanak burutzeko. Sei hilabeteko iraupenekoak izango dira eta jardun osokoak. Izena emateko epea uztailaren 16tik 23ra (biak barne) izango da, Lanbiden.

Inazio Azkarragaurizar alkateak gaur eman du kontratazio hauen berri, eta gogorarazi du Udalak herriko langabeak kontratatzearena dela Arrasaten Enplegua Sustatzeko abian duen Planaren programetako bat.

Finantziazio eta kudeaketa guztia Udalak

Enpleguko zinegotzi, Joserra Askasibar, Enplegu eta Garapeneko teknikari, Marga Garmendia eta Udaleko pertsonal burua den Jose Mari Erañarekin batera eskaini du alkateak gaurko prentsaurrekoa.

Herriko langabeak kontratatzeko programaren harira, alkateak gogorarazi du urtarriletik Foru Aldundiarekin eta Lanbiderekin elkarlanean 23 kontratazio bideratu direla “jadanik pertsona batzuk ari dira lanean eta beste batzuk aukeraketa fasean dira, uda ostean lanean hasteko”. Orain, berriz, Udalak 12 kontratazio egingo ditu eta “haien finantziazioa eta kudeaketa guztia, ehuneko ehunean, gure gain hartu dugu”. Programaren kostua 229.290 eurokoa izango da guztira.

Alkateak azpimarratu duenez, “interes publikokoak diren lanak egiteko izango dira kontratazio hauek” eta herriko langabeei (prestazio barik edo RGI kobratzen ari direnei) Udalaren behar bereziak betetzeko lan kontratuak egingo zaizkie.

Irailean hasiko dira lanean

Alkateak azaldu duenez, 12 kontratatuak irailean hasiko dira lanean, Kontratuak aldi baterakoak izango dira, sei hilabeteko iraupenekoak eta jardun osokoak. Kontratu bat soilik izango da urte osokoa, jardun erdikoa.

Izena eman daiteke uztailaren 16tik 23ra (biak barne) Lanbideko bulegoetan (ospitale ondoan) edo Lanbideko web orrian.

Informazio osoa, Udalaren LAN ESKAINTZA PUBLIKOA atalean.


Herriko enpresetan herriko langabeak kontratatzeko laguntzak

Alkateak Lana Sustatzeko Planak orain arte eman duenari buruzko irakurketa bat ere egin du gaurko agerraldian:

“Momentu honetan, herriko langabetuei begira, beste programa bat ere badugu martxan: Arrasateko enpresetan herriko langabeak kontratatzeko laguntza programa. Diru-laguntza programa honekin bultzatu gura dugu 50 langiletik beherako Arrasateko enpresetan herriko langabetuak kontratatzea”. Ekimen honetan Udalak 100.000 euro jarriko ditu eta diru-laguntza 2.250 eurotakoa  izango da kontratatutako pertsonako; 375€  hileko,  gehienez 6 hilabete pertsona beragatik.

Alkateak jakinarazi du hainbat enpresa zuzendu direla Udalera programa honetaz informatzeko eta euren eskaerak prestatzen ari direla “Azpimarratu nahi diet enpresei programan parte hartzeko urte osoan zehar, 2014ko urtarrilaren 1etik   abenduaren 30 arte, eginiko lan kontratuengatik diru laguntza eskatu dezaketela, kontratatzen dituzten langabeak Arrasaten erroldatuta badaude;  beraz, garaiz dabiltzala, eta animatu gura ditut eskaerak aurkeztera”.

Lanbai azokan 700 pertsona izan ziren

Lanbai Azokarena da Udalak Enplegua Sustatzeko Planaren baitan landu duen beste lerro bat, Mondragon Unibertsitatearekin batera: 700 pertsona inguru izan ziren Polo Garaian lan eskaintza ezberdinen berri jasotzen, lan elkarrizketak eginez, Curriculumak uzten; finean enpresekin kontaktua egiten. Alkateak positibo baloratu du azokak emandakoa: “Lanbairen 2. edizio honetan ere argi ikusi da azoka hau erreminta oso eraginkorra dela langabeei lana bilatzeko prozesuak errazteko eta, era berean, enpresei euren pertsonal beharretarako izangai egokiekin kontaktua errazteko”.

Uda ostean beka programa bat

Titulatu berriengan begia jarrita, alkateak jakinarazi du uda ostean martxan jarriko dutela beka programa bat, Udala Saiolanekin eta enpresekin batera lantzen ari dena. “Titulatu berriei lehen lan esperientzia kualifikatua erraztu gura diegu eta enpresei titulatu berri hauen gaitasun profesionala ezagutzeko aukera eman. Ekimen honetan Udalak 50.000 euro jarriko ditu”. Irailerako guztiz zehaztuta izango da beka hauen funtzionamendua zelakoa izango den, eta alkateak iragarri duenez, oporretatik bueltan emango dituzte programari buruzko xehetasun guztiak.

Enpresa berriei laguntzeko diru laguntzak

Gaurko prentsaurrekoan, alkateak informazio gehigarri bat ere eman du, Udalak enpresa berriei laguntzeko urtero ateratzen duen programari buruzkoa: “Aurten 9 enpresa eratu berrik aurkeztu dituzte euren eskaerak, sortutako 11 lanpostu finko finantzatzeko”. Enpresa txikiak dira, gehienek sustatzailea bera baino ez dute lanean oraingoz.  “Txikiak ala ez,  Udaletik txalotu nahi ditugu ekintzaile hauek,  sasoi zail hauetan txapela kentzekoa baita negozio berri bat abiatzea”.  Horrexegatik,  azaldu du alkateak, “aurten Udalak laguntzen zenbatekoa %25 handitu du;   horrela, Arrasaten eratutako enpresa berriek sortutako lanpostu finko bakoitzagatik 4.500 euroko diru laguntza jaso dezakete”.

Arrasatearrei enplegurako ate berriak zabalduz

Alkateak azpimarratu du Arrasateko Udala enplegua mugitzeko egiten ari den ahalegin berezia eta aipatu du eragile ezberdinen arteko elkarlanean, bertatik bertara,  aritzearen beharra:  “Arrasateko langabezia arintzea dugu helburu, enplegurako aukera berriak sortuz. Martxan jarri ditugun lau programa hauetako bakoitzak aukera ezberdinak bideratzen ditu, ikasketa eta esperientzia mota ezberdinak dituzten Arrasatearrei enplegurako ateak zabaltzeko”.