Arrasateko Udal Gobernuak udal tasa eta zerga guztiak izoztea proposatu du 2023rako

2022/10/04
Card image cap
Tasak eta zergak izozteaz gain, hobariak indartu eta egonkortu egingo dira, bereziki eraginkortasun energetikoari eta familiei laguntzeari dagozkienak.

Arrasateko Udal Gobernuak, EAJ-PNV eta PSE-EE alderdi politikoek osatua, 2023rako udal zergak eta tasak izoztea proposatu die oposizioko alderdiei.

Ander Garay Ogasun zinegotziak azpimarratu du “erabaki honekin herritarrei lagundu nahi diegu. Ziurgabetasun handiko uneak bizi ditugu, arrasatearrei zuzenean eragiten dietenak, bereziki arlo ekonomikoan. Zergak eta tasak izozteak prezioen igoerari eta krisi energetikoari aurre egiten lagunduko du, familien gaineko eragin ekonomikoa murriztuz”.

Garayk berretsi du tasak eta zergak izozteko proposamena “bideragarria da, Udalaren finantza-osasun onari esker. Gure 0 zor-politikak eta baliabide publikoen kudeaketa arduratsuak aukera ematen digute salbuespenezko laguntza-neurriak hartzeko, hala behar denean, hala nola, gaur egungoa edo Covid-19aren pandemian”.

Tasak eta zergak izozteaz gain, hobariak indartu eta egonkortu egingo dira, bereziki eraginkortasun energetikoari eta familiei laguntzeari dagozkienak.

Gaia gaur, asteartea, urriak 4, egingo den Osoko Bilkuran aztertuko da.