Arrasateko Udal Gobernuak atzeratu egin du zerga nagusien kobrantza
2020/04/16Arrasateko Udalak, koronabirusaren aurrean herritarrak zein ehun ekonomikoa babestu eta sustatzeko hainbat neurri hartu ditu azken asteotan. Orain, gehitu behar da, arrasatearren gaineko presio fiskala murrizteko hartu diren neurri sorta: zerga nagusien ordainketa-aldia atzeratu egin da, alarma-egoerak eragindako geldialdi ekonomikoak eragindako inpaktua arintzeko. Honakoak dira xehetasunak:
- Taxista aritzeko tasa: borondatezko epea uztailaren 20ra luzatzen da, eta helbideratuei uztailaren 20an kobratuko zaie.
- Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zerga: Borondatezko ordainketa epea uztailaren 10era luzatzen da, eta helbideratuei uztailaren 10ean kobratuko zaie.
- IBI/OHZ: borondatezko epe berria 2020/08/01tik 2020/09/15era izango da, eta helbideratuei irailaren 15an kobratuko zaie.
- Zaborra (1. seihilekoa): borondatezko epea abuztuaren 10era luzatzen da, eta helbideratuei abuztuaren 10ean kobratuko zaie.
- Zaborra (2. seihilekoa): borondatezko epea azaroaren 17ra luzatzen da, eta helbideratuei azaroaren 17an kobratuko zaie.
- Ura (2019ko 4. hiruhilekoa): helbideratuei martxoan kobratu zitzaien, baina ordainduta ez daudenentzat borondatezko epea urriaren 10era luzatzen da.
Merkatari, ostalari, autonomo zein enpresa txikiei sei hilabeteko tasen salbuestea
Pasa den apirilaren 2an Udalak iragarri zituen ehun ekonomikoa babestu eta sustatzeko hartutako neurri nagusiak: merkatari, ostalari, autonomo zein enpresa txikiei egungo egoera arintzeko 2020ko sei hilabeteko zabor tasa, ur tasa eta bide publikoaren okupazio tasa salbuetsiko zaie. Beste hainbat herrietan erabaki bada ere bakarrik itxialdi egoerako zatia bonifikatzea, Arrasateko Udalak 6 hilabete osorik bonifikatzea planteatu du, izan ere, ekonomiaren “geldialdi” honi aurre egiteko, hori baino gehiago beharko du herriko ehun ekonomikoak. Gainera, ekonomia berraktibatzeko erosketa bonuak jarriko dira abian, bertako kontsumoa bultzatu eta, ahal den neurrian, euren sarrerak murriztuta ikusi dituzten familiei ere laguntzeko. Noski, tokiko merkataritzaren aldeko kanpaina espezifikoa eta kaleak girotzeko iniziatibak ere jarriko dira martxan.