Arrasateko udal gobernuak proposatu du tasak eta zergak ez igotzea 2022an
2021/07/13Arrasateko udal gobernuak (EAJ-PNV – PSE-EE) astelehen honetan, uztailaren 12an, iragarri du udal zergetan eta udal tasetan ez dela egongo igoerarik 2022an. Neurria hartu dute, azken hilabeteetan Covid-19aren krisiak eragindako bilakaera ekonomikoa aztertuta. Erabaki horrekin batera, erabaki du zerga onurei eustea 2021ean eta ordaintzeko erraztasunak ematea gaur egungo zergadunei.
“Gaur egungo testuingurua kontuan hartzen dugu, eta arrasatearrei eta herriko enpresei babesa eman gura diegu", azaldu du Maria Ubarretxena alkateak. Udalaren egoera ekonomikoa ona da, zorrik gabekoa, eta gure apustua da arrasatearren bizi kalitatea hobetzen inbertitzea, udalerri hobea eta erraztasun fiskalak eskaintzea, kasu honetan”. Alkateak adierazi duenez, proposamen honek jarraipena ematen dio aurreko ekitaldietan udal gobernuak hasitako joerari: udalerrian jarduera ekonomikoa bultzatzeko helburuak lortzea, gizarte izaerako neurriak hartzea guztiek bizi kalitate hobea izan dezaten, aukera berdintasuna bultzatzea eta epe labur, ertain eta luzean ingurumenaren babesari aurre egitea.
Horrela, proposamenen artean apustua egin da energia berriztagarrien arloan eta hobaria eman zaio eguzki panelak jarri gura dituzten etxebizitzen zergari; alde zaharra biziberritzeko asmoarekin, bertako etxebizitzetan obrak lagundu, eta kontuan hartuta udalaren kontu osasuntsuak, arrasatear zergadunari karga gehiago sortu barik.
Energia berriztagarriaren alde
Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, zergaren kuota osoaren % 50eko hobaria ezarri da, eguzki energia aprobetxatzeko sistemak jarrita dituzten ondasun higiezinetarako. Hobaria 10 urterako aplikatuko da.
Alde zaharra egokitzeko eta biziberritzeko, hobari gehigarria eraikin, instalazio eta obren gaineko zergan. Etxebizitza erabileradun eraikinetako fatxadak birgaitzeko esku hartzeak sustatze aldera, gaur egun hobari hauek aplikatzen dira:
- % 95eko hobaria: eraikin berean, hots, eraikin berean dauden atari guztietan, irisgarritasuna, bizigarritasun baldintzak eta eraginkortasun energetikoaren hobekuntza proposatzen duten esku hartzeak.
- % 75eko hobaria: eraikin berean, hots, eraikin berean dauden atari guztietan, bizigarritasun baldintzak eta eraginkortasun energetikoaren hobekuntza proposatzen duten esku hartzeak.
- % 50eko hobaria: eraikin bereko zati bateko fatxadan, bizigarritasun baldintzak eta eraginkortasun energetikoaren hobekuntza proposatzen duten esku hartzeak.
- % 25eko hobaria: eraikin osoko fatxada txukuntzeko lanak (margotzea, hormako altxatuak konpontzea eta abar).
Aurreko hobariak sendotu eta hobetze aldera, eta alde zaharrari bultzada emateko, Alde Zaharreko antolamendu esparruak bere baitan dituen ondare elementu adierazgarriak (harresia, armarriak, Erdi Aroko azpiegiturak, partzelazioa…), baita ere, berau osatzen duten egituraren, eraikinen, eta espazio publikoaren garrantzia historikoagatik, % 50eko hobaria izango dute alde zaharrean kokatzen diren etxebizitza eraikinetan egiten diren obrek, betiere 10.000 € (BEZ barik) baino gehiagoko obrak direnean. Hobari hori ez dira aplikatuko etxebizitza berrien kasuan.
Egokitzapena ibilgetzeko zerbitzuan
Eta zerbitzuak eman eta jarduerak egitearen tasan, ibilgailuak bide publikotik eramateko eta ibilgailuok zaindu eta ibilgetzeko zerbitzuan ondorengoa aldatu da: zerbitzua eragin duten pertsonak beharturik daude ordaintzera. Halakotzat hartuko dira eramandako ibilgailuen gidariak, eta, modu subsidiarioan, ibilgailuon jabeak, ez-legezko erabilera kasuetan izan ezik. Haatik, ibilgailua bide publikotik eraman bada erakunde publiko baten agindua betetzeko xedez, kasu horietan, ordaintzera behartuta dagoena erakunde publiko hori izango da, baldintza eta zenbateko bertsuen arabera.