Arrasateko Udal Bibliotekak 2023ko memoria txostena aurkeztu du
2024/04/29Arrasateko Udal Bibliotekak aurkeztu berri du 2023 urteari dagokion memoria txostena. Analisi horri esker, Udal Bibliotekaren argazki eta balorazio orokor bat egin da, eta horren bidez zerbitzua hobetzeko erronkak ezarri dira.
Bazkideak eta bildumak goranzko joeran
Arrasateko Udal Bibliotekak dagoeneko 13.539 bazkide ditu, “biztanleriaren % 60 gutxi gorabehera” arduradunen esanetan. 2023. urtean, azken bost urteetako bazkide kopuru gehien batu dira bibliotekara, 517 guztira. “Bibliotekaren erritmo eta jarduera ona erakusten du. Balantze positiboa egiten dugu”.
Bildumari dagokionez, 2023. urtean 3.474 dokumentu berri batu dira bildumara. Guztira, Kulturateko bilduma 68.679 dokumentuz osatuta dago, eta, aldiz, Santa Marinako liburutegiko bilduma 6.846 dokumentuz osatuta.
Liburuen maileguetan igoera
Asun Agiriano, Bibliotekako arduradunak, balioan jarri du egun liburutegiak duen bilduma: “Esan genezake gure bilduma eguneratua dagoela eta erakargarria dela. Horren adierazle dira dokumentuen maileguen igoera eta, baita ere, beste liburutegietatik egiten dizkiguten eskaeren gorakada”. Liburuen maileguak gora egin badu ere, pelikula eta musikaren maileguak behera egin du, “harpidetza plataformen eraginagatik”.
Liburuak mailegatzeko gorakadaren arrazoietako bat da bibliotekak irakurketa suspertzeko jarduerak bikoiztu izana da. “Ia astero programatzen ditugu bizpahiru ekintza. Halako saioek oihartzun handia dute, parte hartzaileen balorazioek eta zenbakiek adierazten duten bezala. Aurten erabiltzaileek igarri dute jarduera puntual eta finkotik haratago joan garela eta kultura ekintza gehiago izan ditugula”.
Irakurleen hizkuntza eta genero ohiturak
Hizkuntzaren hautuak ere lotura zuzena du adinarekin. Euskarazko liburuak gailentzen dira haurren eta gazteen artean, eta gaztelerazkoak helduen artean. Gaztelaniazko irakurleen artean, generorik gustukoena da intriga eta nobela beltza; euskal irakurleak, berriz, denetik irakurtzen du (ipuinak zein eleberriak, komikiak zein Nobel saridunen liburuak). Haurrek album ilustratuak eta betiko ipuin klasikoak aukeratzen dituzte irakurtzeko. Gazteek, batez ere, komikiak dituzte gustuko.
Amaitzeko, txostenaren azken atalean, aurten jorratuko diren lan lerroak aipatu eta azaltzen dira.
Deskargatu Arrasateko Udal Bibliotekako 2023 Memoria txostena hemen.