Arrasateko udako kirol ikastaroetan izena emateko epea zabalik

2020/06/30
Card image cap
Spinning, pilates, k-stretch, zunba eta nordic walking egiteko udako ikastaroetan izena emateko epea ireki da. Ikastaroak uztailaren 3tik 30era izango dira eta plazak mugatuak dira.

Arrasateko Udalak udako ikastaroak eskainiko ditu aurten ere Musakola kiroldegiko instalazioetan eta Uarkape pilotalekuan, eta izena eman daiteke dagoeneko. Spinning, pilates, k-strech, zunba eta nordic walking kurtsoetara izena emateko, datuekin orri bat bete eta kirola@arrasate.eus helbidera bidali behar da, edo Musakola kiroldegiko harrerara eraman. Ikastaroak uztailaren 3tik 30era izango dira.

Plazak mugatuak izango dira eta abonatuta ez daudenek gehigarri bat izango dute: 6 eurokoa egun bateko ekintzetan eta 10 eurokoa bi egunekoetan. Ekintza guztietan bermatuko dira segurtasun neurriak eta ez da dutxak edo aldagelak erabiltzeko aukerarik izango.

Ikastaro eskaintza

Spinning egiteko bi ordutegitan eman daiteke izena: astelehen eta asteazkenetan 19:40etan, edo astearte eta ostegunetan 7:00etan eta 9:15etan. Musakola kiroldegiko kantxan izango dira eskolak eta 31,15 euroko kuota ordaindu beharko da.

Pilateseko ikastaroari dagokionez, astelehen eta asteazkenetan 9:30etan izango da, Musakolako pilates gelan. 38,40 euroko kuota ordaindu beharko dute izena ematen dutenek.

K-stretch egiteko ordutegi aukera zabala dago: astelehenetan 11:00etan; astearteetan 11:00etan, 18:00etan edo 19:30etan; asteazkenetan 7:30etan edo 11:00tan; ostegunetan 11:00etan, 17:15etan edo 18:15etan; eta, azkenik, ostiraletan 7:30etan. Uarkape pilotalekuan izango da ikastaroa eta 40 euroko kuota ordaindu beharko da.

Zunba astelehen eta asteazkenetan emango da 18:15etan, Uarkape pilotalekuan, eta 31, 15 euro ordaindu beharko dira.

“Nordic walking” ostiraletan egingo dira, 9:30etan Musakolan, eta 23 euroko balioa izango dute.