Udalak Arrasateko TAO zerbitzuaren datuak eman ditu ezagutzera, lehen urtea bete berritan

2023/02/08
Card image cap
TAO zerbitzuaren lehen urteko mantentze kostua 476.504,72 eurokoa izan da, eta zerbitzuagatik jasotzen den dirua 383.581,11 eurokoa (341.475,91 €, bilketarenak + 42.105,20 €, isunena). Ia 93.000 euroko defizita du.

Arrasateko Udalak 2021eko abenduan jarri zuen abian TAO sistema herrian, herritarrekin adostu ostean, partaidetza prozesu baten bidez, aparkaleku eredua. Lehen bi hilabeteak probaldian egon ostean, otsailaren 4an sartu zen indarrean behin betikoz.

Ordutik, udalak gertutik jarraitu du TAO zerbitzuaren bilakaera: herritarren erabilera, aparkalekuen beharrak, mugikortasun eredua edota zerbitzuak behar dituen doikuntzak.

Horri jarraikiz, Udala zerbitzuaren abuztuko etenaldia baliatu zuen herritarrengandik jasotako ekarpenak zein udal teknikariek lehenetsitako egokitzapen beharrak ezartzeko: aukera sortu zen gune urdin eta gorrian 2 orduz doan aparkatzeko, gune berdean prezioak merkatu ziren, TAO sisteman kale berriak sartu ziren, mugikortasun urriko aparkalekuak doako aparkaleku bihurtu ziren, Arrasateko gremioentzat txartel berri bat sortu zen, aukera eman zen etxebizitzetan hirugarren txartel bat eskatzeko, aparkalekuaren ordu mugak zabaldu ziren eta aparkatzeko zenbait gune ere egokitu ziren.

Zerbitzuaren lehen urtea igarota, udalak erabilera datuak eman ditu ezagutzera:

  • TAO bilketa: 341.475,91 €. Bertan jasotzen dira: alde batetik, aparkatzeagatik izandako sarrerak (233.480,13 €), eta, bestetik, bertakoen TAO txartelaren dirubilketa (107.995 €).
  • TAO Isunak: 42.105,20 €
  • TAO kontratua (Gertek): 476.504,72 €

Zerbitzua mantentzen kostua, beraz, 476.504,72 eurokoa da, eta zerbitzuagatik jasotzen den dirua 383.581,11 eurokoa (341.475,91 €, bilketarenak + 42.105,20 €, isunena).

Guztira 3.407 Bertako txartel daude gaur egun: partikularrenak 3.317 dira eta gremioenak 90.

Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du “eman genuen hitza betez, urtebete egin berritan zerbitzuaren datuak aurkeztu ditugu gardentasunez jardunez beste behin. Esan genuen eran, zerbitzu honen helburua ez zen dirubilketa, herrigunea herritarrentzat berreskuratzea baizik. Agerikoa da hori zerbitzuen datuei erreparatzen badiegu: ia 93.000 euroko defizita du”.

“Zerbitzuak, ordea, herriko mugikortasun eredua nabarmen hobetu du -berretsi du alkateak-. Apustua benetan ausarta izan zen, aldaketa nabarmena baitzen aparkaleku ereduan, baina balorazioa oso positiboa da. Hiri ingurunea erakargarriagoa da orain eta herritarren bizi kalitatea hobea. Lehen ibilgailu asko mugitzen zen erdigunean eta fluxu handia sortzen zuten aparkaleku bila. Helburua izan da erdigunea herritarrentzat berreskuratzea, herritarren arteko harremanak gauzatzeko gunea, eta aldi berean, erdigunera bertaratzeko ohiturak eraldatzea, bidegorriaren, garraio publikoa edota igogailuen erabilera areagotuz. Oinezkoari eman diogu lehentasuna eta ingurumen ikuspuntutik hirigune jasangarriagoa dugu orain. Aparkatzeko erraztasunak eman ditu ere”.

Arrasateko Udalak berretsi du TAO zerbitzuarekiko konfiantza, eta adierazi du “orain arte egin moduan, gertutik jarraituko dugu sistema herritarrek behar dituzten egokitzapenak aztertu, eta hala badagokio, ezartzeko. TAO sistema bizia da, gure eguneroko beharrak aldatzen doazen heinean, zein herria bera eraldatzen doan eran, zerbitzua bera egokitzen jarraituko dugu, herritarren beharrak asebetetzeko”.