Arrasateko Mugikortasun Astea 2016
2016/09/13- Herri busa doan eskainiko da aste osoan zehar eta besteak beste, bigarren eskuko bizikleta merkatua, herritarren konpromisoa sustatzeko kanpaina berezia eta erakusketak antolatuko dira mugikortasun astea ospatzeko
- Herritarren artean bizikleta eta garraio publikoaren erabilera sustatzea du helburu mugikortasun asteak
Europako Mugikortasun Iraunkorraren astearen baitan, Arrasateko Udalak hainbat ekintza antolatu ditu irailaren 16tik 22ra bitartean. Urtero ekintza ezberdinak antolatzen dira mugikortasun astea ospatzeko, garraiobide garbiagoen erabilera sustatzea helburu hartuta. Zehazki, herritarrek beren egunerokotasunean lanera joateko, erosketak egiteko… bizikleta edota garraio publikoa erabiltzea lortu nahi da. Horretarako, aurten, mugikortasun adimentsua kanpaina abiarazi du udalak. Herritarrek konpromiso honekin bat egin dezakete, konpromiso honen adierazle izango den agiria sinatuz eta entregatuz 16 eta 22 bitartean BAZen, liburutegian kiroldegian edota webgunean. Sinatzaileen artean zozketa bat egingo da: bizikleta ekipamenduak, bizikletaren mantenua urtebeterako, hilabete osoko joan-etorriak egiteko Lurraldebus txarteleko karga… Parte hartzeko baldintzak ondorengoak dira:
- Mugikortasun iraunkor baten aldeko konpromisoa sinatzea Dokumentua hemen
- Arrasatearra izatea edo Arrasatetik/ Arrasatera lanera edo beste edozein ekintza egitera joan/etortzea
- Ibilbide hauek oinez, bizikletaz edo garraio publikoan egitea
Bestalde, aurtengoan ere herri busa doan eskainiko da aste osoan zehar eta hainbat ekintza burutuko dira mugikortasun aste honen baitan, besteak beste, bigarren eskuko bizikleta merkatua, mugitu zaitez bizikletaz erakusketa edota bizikleta irteera.
Birzikleta azoka: bigarren eskuko bizikleta azoka
Mugikortasun iraunkorraren astearen baitan egiten den ekintzarik esanguratsu eta erakargarriena bigarren eskuko bizikleta azoka izaten da. Azokarako egoera onean dagoen edozein material eta mota ezberdinetako bizikletak biltzen dira: mendikoak, paseokoak, errepidekoak, haurren bizikletak, kaskoak, gurpilak…
Material hori Udal Azokara eraman beharko da:
• Irailak 10 (larunbata): goizez (11:00-13:00)
• Irailak 13 eta 15 (asteartea eta osteguna): goizez (11:00-13:00) eta arratsaldez (17:00-19:00)
Bigarren eskuko bizikleta azoka Mondragones kalean, azoka ondoan ospatuko da 11:00-14:00 bitartean. Egun berean, hilaren 17an, mugitu zaitez bizikletaz erakusketa ere egingo da Seber Altube plazan, 11:00-14:00 bitartean. Amaitzeko, hilaren 18an, bizikleta bira egingo da, 10:00tan hasita.