Arrasateko landa lurrak erosteko prozesua ireki du Udalak, “bertako bioaniztasuna berreskuratzeko” asmoz

2024/10/10
Card image cap
Aragazkia Pexels: Thomas P
Landa lurren jabeek beraien eskaintzak aurkezteko aukera izango dute azaroaren 8ra arte

Arrasateko Udalak udalerrian dauden landa lurrak erosteko prozedura ireki berri du. Ondorioz, lur jabeek, beraien eskaintzak egin ahal izango dituzte, lehiaketaren oinarriei erantzunez. Salerosketa honetarako 100.000 euroko aurrekontua izango du Udalak.

Bertako bioaniztasuna berreskuratzeko helburua

Politika ekologikoak sustatzeko deialdia da honako hau Udal ordezkarien esanetan. “Lur pribatuak publifikatuz basogintza politika ekologikoak burutzeko aukera izango dugu, bertako bioaniztasuna berreskuratuz, eta horri bide eman diezaiokeen bestelako kudeaketa mota batzuetan arakatzeko aukera zabalduz” adierazi du Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.

Baldintzak eta epeak

Salerosketa hau burutzeko oinarriak publikatu berri ditu Arrasateko Udalak webgunean (hemen dokumentua). Bertan jasotzen den bezala, Arrasateko Udalak “prozesu ireki bidez” eskuratu ahal izango ditu landa lurrak. Honek, aukera emango die landa lurren jabeei, beraien eskaintzak aurkeztu ahal izateko. Horretarako epea azaroaren 8 izango da.

Proposamenak isilpekoak izango dira, eta, horretarako, bi gutun azal itxiak (A eta B) edo bi artxo elektroniko (A eta B) beharko dira. A gutun azalean lur sailaren irizpide teknikoak jasoko dira, hau da, lur sailaren kokapena eta azalera. Bestetik, B gutun azalean, irizpide ekonomikoak jasoko dira, hau da, lurraren jabeak lurraren salerosketarako ezarritako prezioa (€/m2). Prezio honek ezingo du gainditu 0,50€/m2 gehienezko prezioa. A eta B irizpideetan jasotako puntuazioaren arabera erosiko dira lur sailak, aurrekontua agortu arte.

Zalantzak argitzeko

Udal iturriek adierazi dutenez, “garrantzitsua da dokumentazio guztia zuzen jaso eta aurkeztea, bestela, proposamenak, baztertu egingo dira. Horregatik, edozein zalantza izanez gero, jarri harremanetan Udaleko Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun sailarekin”:

Telefonoa: 943 25 20 09 edo 943 25 20 00 (luzp. 201)

E-posta: rugarte@arrasate.eus