Arrasateko kultur gunea gero eta gertuago SPRI eta Udalaren arteko hitzarmenari esker
2016/05/31Arrasatek gero eta gertuago du kultur gune garrantzitsua izango denaren sorrera. Udalak, kulturaren aldeko apustu sendoa du egina eta bide horretan, etengabeko urratsak ematen ari da arrasatearrentzat kalitatezko kultur eremu berri eta garrantzitsu bat sortzeko. Horiek horrela, oraingoan, Aprendices eraikina udal eskumenekoa izatea lortu dutela adierazi dute udaletik.
Orain arte, eraikin honen jabetza, SPRI (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea S.A.) taldeari zegokion eta erabilera teknologikorako zuen definituta eraikina. Udalak aldiz, Aprendices eraikinaren baitan kokatu nahi ditu Arrasateko Musikal eta Goikobalu abesbatza. Horiek horrela, bien arteko elkarrizketa eta lankidetza prozesuak egin du posible adostasun batera heltzea eta datozen egunetan, hitzarmena sinatzea. Akordio honen bitartez, Aprendices eraikinaren jabetza eskuratuko du udalak eta aldi berean, SPRI-k, Zalduspe eraikinaren %35,58a lortuko du, eremu honetan gauzatu ditzan erabilera teknologikoko ekimenak.
Udaletik azpimarratu nahi dugu SPRI taldeak jarrera eraikitzailea azaldu duela prozesu osoaren baitan. Bien arteko elkarlanak eta Udalak kulturaren alde egiten duen apustu irmoak ahalbidetu du Arrasatek gero eta gertuago izatea kultur gune berri honen sorrera. Udalak hasiera-hasieratik bideratu ditu bere indarrak proiektu honetara eta ahalegin bereziak egin ditu proiektu honen baitan aurrera pausoak eman daitezen.
Udal gobernuak berretsi du, Aprendices eraikinaren eraberritzea eta Erlojuaren eraikinaren proiektua, legealdi osoan zehar aurrera eramango den ekimenik garrantzitsuenetarikoa dela. Horiek horrela, estrategikotzat jo dugun proiektu hau aurrera eramateko lanean jarraituko dugula hitz ematen dugu, izan ere, Udalaren helburu eta nahia da, kultur ekimenak eta taldeak eremu berean batzea, beren beharrei erantzutea eta herrian zein bailara mailan garrantzitsua izango den kultur eremu berria sortzea, herriko kultur eragileei eta arrasatearrei zein kanpotarrei kultur alorrean aukera berriak eskaini ahal izateko.