Arrasateko industria ondarea den Zerrajerako aterpea berritu eta mantentzeko lanak hasi ditu Udalak

2025/02/04
Card image cap
Zerrajerako arkuaz gain, 2025ean Ondare historikoa zaintzeko lan berriak egingo dira: Portaloi eta Kontzezinoko arkuak berritu eta Markuleteko labea berreskuratu.

Aste honetan hasi dituzte Zerrajerako aterpea berritzeko azken lanak. Egiturari eragiten zioten lanak egin ostean, pintaketa eta azpiegitura lanak burutzen ari dira aste honetan. Besteak beste, egoera txarrean dauden ur kanalizazio berria jarriko da, eta aterpearen fatxadak eta teilatupea garbitu eta margotuko dira.

Zerrajerako arkuaren itxura orain artekoa bezala izango da, barruko partean izan ezik. Gaur egun berdea den sabaia, grisa izatera pasako da, “jatorrizko eraikinaren estetikari gerturatzeko” adierazi dute Udaletik.

Lanek 5 asteko iraupena izango dute, eta baliteke noizbehinka trafikoan eragina izatea. Dena den, kasu horietan, trafikoaren bi norabideak mantenduko direla ziurtatu du Udalak, txandaka bideratuz. Lanak burutzeko aurrekontua 44.727,89 eurokoa izango da (BEZ barne).

Ondare historikoa zaintzeko lan berriak

Zerrajerako arkuaz gain, badira bestelako herriko ondare historikoak birgaituko direnak. Mantenu lan hau lan delikatuak izan ohi dira, eta lanketa berezia behar dute. 2025eko aurrekontuetan jasota daude, besteak beste, honako birgaitze lan hauek:

  • Portaloiko arkua berritzea
  • Kontzezinoko arkua berritzea
  • Markuleteko labea berreskuratzea

“Arrasateko ondare historikoa zaindu eta mantentzeko ahaleginean ari gara urtez urte, eta lan horretan jarraitzen dugu. Pasa den urtean Markuleteko labearen jabetza eskuratu zuen Udalak, eta hura konpontzeko lanak egin asmo dugu aurten. Horrez gain, Portaloi eta Kontzezinoko arkuak berrituko dira, mantenu eta garbiketa lanak eginez” adierazi dute Udal gobernuko ordezkariek.