Arrasateko herritarrek 243 proposamen aurkeztu dituzte ‘Zeuk erabaki, tú decides’ 2021-22 aurrekontu parte hartzaileetarako

2021/12/09
Card image cap
Horietatik 131 paperean aurkeztu dira; 100 online eta 12 sormen tailerretan.

Guztira 243 proposamen aurkeztu dituzte Arrasateko herritarrek ‘Zeuk erabaki, tú decides’ aurrekontu parte hartzaileen ekimenerako. Ekimenak udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien babesa jaso du, eta 2021eko eta 2022ko aurrekontu parte hartzaileen barruan dauden 500.000 euro bideratuko dituzte datozen bi urteetan. Proiektu honen helburu nagusia da etorkizuneko Arrasate herritarrekin bat landu eta osatzea.

Arrasateko Udalak eskerrak eman gura dizkie proposamenak egin dituzten herritarrei, eta aldi berean sormen tailerretan parte hartu dutenei ere bai. Aurrez esan bezala, 243 proposamen jaso dira, honela banatuta: 131 pertsonak paperean aurkeztu dituzte, 100 pertsonak online bidez eta gainerako 12 pertsonek udalak antolatutako lau sormen tailerretan. Aurreko edizioekin alderatuz gero, aurtengo kasuan nabarmen igo dira parte hartzeak, 2019an esaterako, 113 proposamen jaso baitziren.

Jasotako proposamenek baldintza hauek bete behar zituzten: udal eskumenekoa izatea, 2 urteko epean gauzatu ahal izatea, bideragarritasun teknikoa gainditzea, gehienez ere 125.000 euroko aurrekontua izatea, aurreko prozesu baten emaitza ez ezabatzea, onartua dagoen udal plan baten kontra ez egitea eta interes orokorrekoa izatea.

Proposamen hauek lehen fasearen barruan daude, eta pasatu den azaroaren 28an itxi zen parte hartzeko epea. Bigarren fasean, berriz, erabakitzailea deiturikoa, proposamen guztiak gaika banatuko dituzte, eta horietatik 20 eta 30 artean pasatuko dira bozkara. Lan hau boluntarioz osatutako herritar talde batek egingo du, eta talde horren parte izateko Udaleko webgunean eman daiteke izena.

Azken fasea 2022ko martxo eta apiril artean garatuko da. Udaletik nabarmendu dutenez, bozkarako partaidetza sistema erakargarri bat ari dira lantzen fase honetarako, bereziki haurren eta gazteen parte hartzea sustatzeko. Modu horretan, helburua da administrazio publikoan partaidetza naturaltasunez eta zeharkakotasunez integratzea.