Arrasateko erakusleihoak Gabon giroan murgiltzeko, eskaparate lehiaketa abiatuko da abenduaren 11n

2023/11/29
Card image cap
Izena emateko epea abenduaren 1ean zabalduko da, 10era bitarte, eta parte hartu dezakete Arrasateko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzako establezimenduek.

Gabonak ate joka ditugu dagoeneko, eta herria zein herritarrak festa giroan murgiltzen hasteko, Arrasateko Udalak urteroko eskaparate lehiaketa jarri du martxan.

Lehiaketaren bitartez, herriko erakusleihoak apaintzeaz haratago, helburua da Arrasateko kaleetan gabon giroa piztea, merkataritza zein ostalaritza sustatu eta, gabonetan ere, tokiko kontsumoa bultzatzeko.

Izen ematea abenduaren 1etik 10era zabalik

Aipatu lehiaketa merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzako establezimenduei zuzenduta dago, eta izen ematea datorren egubakoitzean, abenduak 1, zabalduko da, hilaren 10a bitarte. Interesdunek BAZen edo udalaren webgunean eman behar dute izena.

Horri jarraikiz, erakusleihoak Gabonei keinu eginez apainduta egon beharko dute, gutxienez, abenduaren 11tik urtarrilaren 6a bitartean. Horretarako, ezinbestekoa da euskararen erabilera kontuan hartzea, sexu edo genero diskriminaziorik ez izatea eta dendako salgaiak erakusleihoan jartzea.

Sari ugari jokoan

Lehiaketan guztira 10 sari banatuko dira: 4 epaimahaiak erabakita, herritarren saria, haur eta gazteen saria eta 4 aipamen berezi, azken horiek ere epaimahaiak erabakitakoak.

Epaimahaia osatuko dute Tokiko Ekonomia eta Enplegu batzordeak, apainketan, diseinuan edo eskaparatismoan aditua den pertsona batek eta merkatarien elkarteak.

Saridunak erabakitzeko kontuan hartuko dira erakusleihoan Gabonetako giroa islatzea eta erakusleihoa jartzerako garaian izandako irudimena, orijinaltasuna, lanketa edota estilismoa, besteak beste.

Kasu honetan, lehen saria 1.000 eurokoa izango da, bigarrena 700 eurokoa, hirugarrena 600 eurokoa eta laugarrena 500 eurokoa.

Halber, aipamen bereziak emango zaizkie hurrenkeran epaimahaiaren boto gehien jaso dituzten hurrengo lau erakusleihoei  eta bakoitzak 200 euroko saria jasoko du.

Amaitzeko, epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da eta hedabideen bitartez jakinaraziko da. Bestalde, epaimahaiaren lana errazteko, lanegunetan erakusleihoak 21:00ak arte argiztatuta eduki behar dira.

Herritarren saria, eta haurren eta gazteen saria

Bi sari hauen kasuan, arrasatearrek aukeratuko dute, bozka bidez, erakusleiho gustukoena.

Herritarren saria, halaber, norabide bikoitzekoa izango da, hau da, erakusleiho bat saritzeaz gain (500 €), bozka ematen duten herritarrek ere saria jaso ahal izango dute, Arrasateko edozein komertziotan gastatzeko, 120 euroko bost bono zozketatuko baitira.

Haurren eta gazteen saria emango zaio 16 urte arteko arrasatearrek gehien bozkatutako erakusleihoari. Kasu horretan ere, erakusleiho irabazleak 500 euroko saria jasoko du, eta bozka ematen duten haurren eta gazteen artean, Arrasateko edozein komertziotan gastatzeko, 50 euroko bost bono zozketatuko dira.

Bi kasuetan, bozka telematikoki eman beharko da, udalaren webgunearen bitartez, abenduaren 11tik 17ra bitartean, eta herritar bakoitzak boto bakar bat eman ahal izango du.

Edozein kasutan, establezimendu batek ezingo du sari bat baino gehiago irabazi. Horregatik, epaimahaiaren saria jasotzen duten lehenengo lauak, “Herritarren saria” eta “Haurren eta gazteen saria” zerrendatik kanpo geldituko dira.

Sari banaketa abenduaren 21ean egingo da.