Arrasateko Emakume Txokoak, 20. urteurrena ospatzeko, jardunaldi feministak antolatu ditu

2023/10/11
Card image cap
«Nahinoranahi» lelopean, hainbat jardunaldi egingo dira urriaren 27 eta 28an

Arrasateko Emakume Txokoak 20 urte bete ditu jada. 20 urte zailtasunak zailtasun ibilbidean aurrera eginez, gaur egun duen izaera, nortasuna eta garrantzia hartu arte.

Izan ere, Arrasateko Emakume Txokoa, Ermukoarekin batera, aitzindaria izan da Euskal Herrian, eta halaxe adierazi dute bertako kideek: «Orain dela 20 urte, salbuespena zen udaletan Berdintasun saila egotea eta Arrasaten bazegoen. Orain dela 20 urte, salbuespena zen mugimendu feminista antolatua egotea herrietan eta Arrasaten bazegoen, eta orain dela 20 urte salbuespena zen udalaren eta Mugimendu Feministaren edota emakume taldeen artean harremana izatea, eta Arrasaten bazuten. Gainera, udal gobernuaren konpromiso politikoa zegoen proiektua aurrera eramateko, horretarako beharrezko ziren bitarteko pertsonal eta ekonomikoak bermatuz».

Ibilbidean atzera eginez, Emakume Txokoko kideek adierazi dute Ermuan ere antzeko baldintzak betetzen zirela, «eta, elkarrekin, emakumeentzako espazio izango zirenak amesten hasi ginen».

Hori horrela, Emakumeentzako espazio propioak lau printzipio hauetan oinarritu ziren:

  • Udalaren eta Mugimendu Feministaren elkarlanak sostengatu behar zituen.
  • Euskal Herrian eta euskaraz sortuak izan behar zuten.
  • Emakumeentzako espazio libre eta seguruak izan behar zuten.
  • Herrian eragiteko xedea izan behar zuten.

Arrasateko Emakume Txokoa beti izan da proiektu parte hartzailea, izaera parte-hartzaile eta eraldatzailea oinarri.

Jardunaldi feministak 20. urteurrena ospatzeko

20 urte egunero betetzen ez direnez, Arrasateko Emakume Txokoak jardunaldi feministak antolatu ditu urriaren 27 eta 28rako.

«NAHINORANAHI, elkar irakurriz, zainduz, aktibatuz» lelopean (Miren Amurizak sortua), leloak berak «ilusioa eta anbizioa iradokitzen ditu. Nahi bikoiztua darama NAHINORANAHI leloak; nahi dugun horretara iristeko desioa eta irrika adierazteko, alegia» adierazi dute Emakume Txokoko kideek.

Elkar irakurri, zaindu eta aktibatzeaz gain, jardunaldi honetan lekua egingo zaio aitortzari, eta esker onari ere bai. Helburu horretarako, urriaren 27an, egubakoitza, arratsaldean 19:00etan, Seber Altube plazan, Ekitaldi Feminista bat antolatu da.

«Emakume Txokoa emakume askok osatzen dugu. Askok... bere ibilbide oparoan ekarpena egin eta konpromisoa hartu dugun emakumeak. Horiek guztiak omenduko ditugu, izen-abizenekin eta era anonimoan».

Egitarau osoa ikusgai hemen.

Izena emateko hemen.