Arrasateko Emakume Txokoak 18 ikastaro antolatu ditu emakumeen jabetze pertsonala eta kolektiboa sustatzeko
2021/01/26Arrasateko Emakume Txokoak 18 ikastaro antolatu ditu otsail eta maiatz artean Jabetze Eskolaren bidez. Helburu du emakumeak euren eskubideen jabe egitea, eta elkarren artean sareak sortzea.
Pandemiaren eragina dela eta, Jabetze Eskolak neurri batzuk hartu ditu elkar zaintza eta segurtasuna bermatzeko.
Errealitatearen inguruan ikuspegi feministatik hausnartu eta eragiteko, Jabetze Eskolan prestakuntza da ardatz nagusienetakoa. Horretarako, lanketa pertsonala zein kolektiboa uztartzen duten jarduera sorta antolatu du Emakume Txokoak otsailean hasi eta maiatzera arte.
Lan ildo nagusiak
Hiru lan ildo nagusi jorratuko dira ikastaroetan: osasuna eta gorputza; aisialdia, kultura eta sormena, eta feminismoa(k).
Osasunaren eta gorputzaren inguran ikastaro hauek antolatu dira: boxeoa, zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa, Chi Kung, zaindu zure gorputza; osasuna, zaintza emozionala eta jabetzea, gure gorputzak despatriarkalizatuz, eta doluan laguntzeko tailerra.
Aisialdiari, kulturari eta sormenari dagokienez, berriz, bost ikastaro antolatu dira: antzerki tailerra, sare eta teknologia berrietan trebatzeko ikastaroa, eguneroko finantzak kudeatzeko ikastaroa, alpargata tailerra eta ‘mendian ere geure buruaren jabe’ ikastaroa.
Feminismoa(k) lan ildoaren barruan, Emakume Txokoak ikastaro hauek antolatu ditu: eztabaida feministak (terapia versus politika), feminismoa guztiontzat, genero ondoezak eta emakumeen aurkako indarkeria, irakurketa feministen txokoa, topalekua emakume migratuentzat (hainbat tailer eskainiko dira gune honetan), eta Bidez Bide elkartearen bitartez aholkularitza eskainiko da emakume atzerritarrentzat titulu homologazioari buruz.
Berdintasuna sustatzeko ekimenak
Hiru lan ildo horiez gain, hainbat ekimen antolatu ditu Emakume Txokoak berdintasuna sustatu eta eztabaida feministak kaleratzeko: bertso saioa, erakusketak, dokumentalen emanaldiak, hitzaldiak, kabareta… Emakume Txokoak herritar guztiak gonbidatu gura ditu parte hartzera.
Izen ematea
Otsailaren 1etik 5era eman daiteke izena ikastaroetan, Emakume Txokoan aurrez aurre astelehenetik eguenera 10:30-13:30 eta 15:00-18:00, eta egubakoitzean 10:00-14:00, 943 79 41 39 telefonora deituta edo 618 206 233 zenbakira Whatsapp bat bidaliz. Otsailaren 8tik 12ra arte jakinaraziko da ikastaroetan zeinek parte hartuko duen.
Ikastaro batzuk doakoak dira, eta beste batzuk ordainpekoak. Ikastaro edo tailerren informazio gehiagorako, edo aholkularitza jasotzeko, deitu edo idatzi aurrez aipatutako zenbakietara, edo etorri Emakume Txokora.