Arrasateko Bizikidetza eta Aniztasunaren II. plana aurkeztu du Arrasateko Udalak
2024/02/07Arrasateko Udaleko ordezkariek Arrasateko Bizikidetza eta Aniztasunerako II. Plana aurkeztu dute gaur goizean. Hor izan dira Jasone Giraldo eta Eva Abuin udal gobernuko ordezkariak, eta Iñigo Garitano, Gizarte Zerbitzuetako teknikaria.
Jasone Giraldok plan berri honen abiapuntua azaldu du: “Lehenengo planak aniztasun kulturalean eta kulturen arteko bizikidetzan oinarritzen bazen ere, azken urte hauetan hainbat elkarte eta eragilerekin lanean aritu izanak eta 2023an egindako hausnarketa prozesu batean identifikatu eta jasotako lehentasunei eta hutsuneei erantzuteko beharrak eraman gaitu aniztasuna modu zabalago batean ulertzera. Batetik, aniztasun hitza betiko fokutik ateratzeko beharra eta, bestetik, kolektiboek eskatzen dute beren eskubideak aitortzea eta beren berezitasuna berrestea, hainbat dimentsiori dagokienez; hala nola, etnia, kultura, hizkuntza, erlijioa, ideologia, desgaitasuna, generoa eta abar.”
Plan berri honetan, hiru printzipio nagusi ezarri dira: tratu berdintasuna eta diskriminazio eza, desberdintasun eskubidea eta errespetua, eta interakzio positiboa. Giraldok “plan anbiziotsua” dela baieztatu du, eta 16 ildotan 24 ekintza zehatz jaso izana nabarmendu du.
Giraldok nabarmendu du plana “abiapuntua besterik ez” dela. “Honek udalari lan handiagoa ekarriko dio, sailen arteko elkarlana, elkar ulertze eta koordinazioa ezinbestekoak izango baitira plana behar bezala garatzeko”.
Hiru urteetan garatzeko ekintza plana
Garitanok, Gizarte Zerbitzuetako teknikariak, bere aldetik, datozen urteetan gauzatuko diren ekintzen berri eman du. “Ekintza guztiek planifikazio eta zehaztapen konkretua dute: nori zuzendua dagoen, ekintzaren deskribapena eta helburua definituz, horren ardura politikoa eta teknikoa identifikatuz, lehentasun maila adieraziz, eta haien betetze maila ebaluatuko duten irizpideak definitzen ditu. Horrek planaren betegarritasun bermea ematen digu”.
“Tamainako plan batek baliabide humano eta profesionalak eskatzen ditu, eta, horiek ere bideratuko ditu udalak, kontratazio baten bidez” gaineratu du Garitanok.
Aho batez onartutako plana
Atzo egindako osoko bilkuran aho batez onartu zen Arrasateko Bizikidetza eta Aniztasunaren II. Plana. Ildo horretan, Abuinek balorazio positiboa egin du, eta eskerrak eman dizkie planaren definizioan parte hartu duten eragileei, teknikariei eta alderdiei.
Plan hau “proposamen ireki bat bezala ikusten dugu, etengabeko jarraipenen eta ebaluazioen bitartez, izan ere, irekia egongo da behar besteko hobekuntzak, moldaketak eta zuzenketak jasotzeko”.
Plana hemen deakargatu dezakezu.