Arrasateko Baserriko produktuen Azoka: apirilaren 21ean
2012/04/20HILEKO HIRUGARREN ZAPATUKO BASERRITARREN AZOKA BEREZIAK:
2012KO APIRILEKO AZOKA
2012an zehar Arrasateko Udalak baserritarren azokak antolatzen jarraitzeko asmoa du, hileko hirugarrengo zapatuetan, goiz partean, Seber Altube Plazan. Apirilekoa zapatu honetan izango da, apirilak 21, ohiko leku eta orduan (9:00etatik 14:00ak bitartean, gutxi gora behera)
Apirileko honetan 14 postu egongo dira: 5 baserri Arrasatekoak denboraldiko barazki eta bestelako produktuekin, haragi ekologikoarekin beste postu bat, beste bat baserriko ogia eta gaztarekin, beste postu bat ahuntz gazta eta deribatuekin, sukalderako egurrezko tresneria egiten duen bertako artisauren postua, ardo ekologikoa, iparraldeko ahatearen deribatuak eskainiko dituen postua; horrez gain, postu pare bat landareekin, bai ortukoak, ornamentalak eta aromatikoak, Debagoienean ekoiztutako Jakion markako ontziratutako barazki eta mermeladak, eta azkenik, bidezko merkataritzako produktuez osatutako Harremanen postua. Azken honi, bertako baserriko produktuak ez ekarri arren, lekua egin zaio baserritarren azokan, bidezko merkataritzaren filosofia bat datorrelako ekoizle txikien zuzeneko salmentarekin.
Esanda geratzen da, beraz, postuz lepo egongo dela Seber Altube Plaza zapatuko goiz partean, ohiko ortuko produktuez gain, orturako zein apaintzeko landareak, ahate deribatuak eta bidezko merkataritzako produktuak. Eta azoka amaieran, beti legez, baserriko produktu sortaren zozketa egingo da bertatik pasatako erosleen artean. Ea zuri egokitzen zaizun oraingoan!
Azoka bariatua beraz, bihar goiz partean Seber Altube Plazan. Hurbildu eta gozatu, eta bide batez, gure baserritarren produktuak eta ekoizpen sistemak aurrera egin dezan lagundu.
ARRASATEKO UDALA
ENPLEGUA ETA GARAPEN EKONOMIKO SAILA