Arrasateko Baserriko produktuen Azoka: martxoaren 17an
2012/03/16HILEKO HIRUGARREN ZAPATUKO BASERRITARREN AZOKA BEREZIAK:
2012KO MARTXOKO AZOKA
2012an zehar Arrasateko Udalak baserritarren azokak antolatzen jarraitzeko asmoa du, hileko hirugarrengo zapatuetan, goiz partean, Seber Altube Plazan. Martxokoa zapatu honetan izango da, martxoak 17, ohiko leku eta orduan (9:00etatik 14:00ak bitartean, gutxi gora behera)
Martxoko honetan bateratu dugu Baserritarren Azoka Artzaien Azokarekin. Bigarren hau Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Sailak antolatutako Jardunaldi Gastronomikoen baitan kokatzen da. Azoka biek helburu amankomuna daukate. Bertako ekoizleen produktuaren promozioa eta zuzeneko salmenta sustatzea.
Esanda geratzen da, beraz, postuz lepo egongo dela Seber Altube Plaza zapatuko goiz partean, ohiko ortuko produktuez gain, gazta, ardi esnea, gatzatua egiteko tailerra, artilea, Debagoineko txakolina, sagardo eta ardo ekologikoa, artisauak... Eta azoka amaieran, beti legez, baserriko produktu sortaren zozketa egingo da bertatik pasatako erosleen artean. Ea zuri egokitzen zaizun oraingoan!
Arrasateko elkarte gastronomikoek ere lekua izango dute oraingo honetan, bertan egingo baita ardi haragiaren gisatu lehiaketa bat. Arrasateko 14 elkartek parte hartuko dute horretan. Lehiaketako epaimahaian Arrasateko hainbat jatetxetako sukaldariak eta bailadako hainbat artzai egongo dira. Lehiaketaren emaitza 12:00ak inguruan emando da bertan, Seber Altube Plazan, Arrasateko Alkatearen eskutik. Elkarte irabazleari plaka-oroigarri bat emango zaio. Eta ondoren, lehiatutako haragi gisatua, buzkantzak, txakolina, … dastatzeko aukera egongo da bertaratzen direnentzako.
Azoka eta gehiago, beraz, bihar goiz partean Seber Altube Plazan. Hurbildu eta gozatu, eta bide batez, gure baserritarren produktuak eta ekoizpen sistemak aurrera egin dezan lagundu.
ARRASATEKO UDALA
ENPLEGUA ETA GARAPEN EKONOMIKO SAILA