Arrasateko alde zaharra barne-eraberritzeko plan bereziari aldaketak egiteko parte-hartze prozesuan 10 ekarpen jaso ditu Udalak

2019/09/10
Card image cap
Orain urte bete iragarri zuen Udalak barne-eraberritzeko plan bereziaren aldaketari ekingo ziola, 2000. urtean onartu eta geroztik aldaketa puntualak baino izan ez dituen plana garai berrietara eta arrasatearren behar berrietara egokitzeko asmoz

Orain urte bete iragarri zuen Udalak Arrasateko alde zaharra barne-eraberritzeko plan bereziaren aldaketari, PER-a bezala ezaguna de planaren aldaketari, alegia, ekingo ziola, 2000 urtean onartu eta geroztik aldaketak puntualak baino izan ez dituen plana garai berrietara eta arrasatearren behar berrietara egokitzeko asmoz. Helburu horrekin jarri zuen Udalak abian martxoan parte-hartze prozesu bat, arrasatearrek plan berezi horri aldaketak iradokitzeko aukera izan zezaten eta gaur eman ditu ezagutzera jaso diren 10 ekarpenak.

Alde Zaharra Barne-Eraberritzeko Plan Bereziaren aldaketa honi heltzeak, Alde Zaharra biziberritzea du helburu. Maria Ubarretxena alkatearen hitzetan, “Arrasateko Alde Zaharrean, eta oro har Europako alde zaharretan, biztanleria gero eta zaharragoa da, ez da Arrasaten gertatzen ari den fenomeno bat, fenomeno orokorra baizik”. Aipatu Plan Bereziak eragin handia du bai bertan bizi direnen bizitzan baita Alde Zaharreko merkataritzan ere, “kontuan izanik, gainera Arrasateko Alde Zaharra monumentu historiko bezala kontsideratuta dagoela, Planak, herriko beste leku batzuetan baino muga gehiago jartzen ditu” jarraitu du Ubarretxenak. Era berean, azaldu nahi izan du, horri esker mantendu ahal izan dela Arrasateko gune historikoa hain egoera onean, “baina, esan bezala, horrek eragina du bertakoen egunerokotasunean”.

Udalak, beraz, “modu integralean eta herritarren iritzia kontutan hartuta” heldu nahi izan dio gaiari eta honako proposamenak jaso ditu ekainaren 30ean amaitu zen parte-hartze prozesuan:

  1. Maalako errebalean eraikin berrietan miradoreak jarri ahal izatea, izan ere, gaur egun balkoiak besterik ez dira onartzen.
  2. Zeharkale Estalia egokitua egitea.  Genero ikuspegitik oso kale gordina da, irisgarritasun arauak ez ditu betetzen eta asteburutan batez ere pixa leku bat da.
  3. Lur azpiko garajeak eta sotoak onartzea.
  4. Maalako errebalean, lau solairuko eraikinez inguratutako hiru solairuko eraikina botatzen bada, eraikin berria ingurukoak bezala lau solairukoa egitea baimentzea.
  5. Ibai-Artek eskatzen du erakusleihoen egituraketa irizpideak malgutzea. Gune konkretu batzuetako dendei, toldoa jartzea baimentzea.
  6. Iturriotz kaleko eraikin baten fitxan, bajuari dagozkion eskakizunetan aldaketa batzuk burutzea.
  7. Ferrerias kaleko eraikin baten fitxan, karkabari dagokion eskakizuna aldatzea.
  8. Biteri plazara ematen duten balkoietan toldoak jartzea baimentzea.
  9. Olarte kaleko eraikin baten interbentzio izaera aldatzea.
  10. Fibra optikoaren zabalkundea fatxadetatik egiteko aukera onartzea.

 

Proposamen guztiok, Hirigintza Aholku Batzordeak aztertuko ditu eta “pauso hori emandakoan” azaldu du Ibon Arrupe zinegotziak, “Eusko Jaurlaritzak ere izango du zer esanik, esan bezala, Alde Zaharra monumentu historikoa baita”. Dena den prozesua martxan dago eta Plan Bereziaren aldaketa aurrera doa. “Batik bat, Alde Zaharrari bultzada emateko eta biziberritzeko beharrezko pausoa dela uste dugu” amaitu du Arrupek.