Arrasateko 13 parkeen inguruko informazioa Udal webgunean

2015/05/06
Card image cap
Zuzenean informazioa lortu daiteke www.arrasate.eus/parkeak helbidean sartuta. Informazioa modu laburrean jasotzen duen liburuxka ere sortu da

Hamahiru parke dauzkagu gaur egun Arrasaten: batzuk historikoak dira, duela hainbat mendetatik berton dirautenak eta garaikideak ere badira, XX. eta XXI. mendeetan sortutakoak. Guztiak daude herritarroi zabalik, paseo bat emateko, eseri eta isiltasunaz gozatzeko, jolasteko…

Historia, artea, botanika

Parke hauetan gure herriari buruzko zenbait erreferentzia historiko, artistiko eta natural daude bizirik. Arrasate beste modu batean ezagutzeko aukera ere zabaltzen dute parkeek, eta Udal webgunean bildu dugu parke hauetako bakoitzari buruzko informazio xehea: argazki galeria bat, zuhaitzak kokatuta eta izendatuta ageri diren planoak eta Etxezarreta parkearen kasuan, zenbait bideo ere bildu dira.

Udalak bazuen aurrez parke hauen inguruko zenbait informazio eta beharra ikusi zuen modu ordenatuan jarri eta gehiago osotzeko. Hala, Antton Zabaleta arrasatearra aritu da lan horietan lau hilabetez, Enplegu Planaren baitan egindako kontratu batekin. Anttonek bereziki historia eta arteari buruzko informazioa gehitu dio aurrez zegoenari, baita zuhaitzen ingurukoa ere hainbat parkeren kasuan. Informazio hau lortzen eta garatzen Arrasate Zientzia Elkartekoek eta Mondragon Unibertsitateak lagundu diote.

Liburuxkan informazio laburtua

Udalaren webgunean, esan bezala, parke bakoitzari buruzko informazio ugari dago. Era berean, “liburuxka” izenez jarrita dago gune bat. Bertan klikatuz gero, irakurri daiteke hamahiru parkeen gaineko informazioa modu laburrean eta argazki ugarirekin azaltzen duen liburuxka. Gura izanez gero, liburuxka jaitsi ere egin daiteke Udal webgunetik, gero ordenagailuan gordetzeko edo inprimatzeko.

Horretarako, esku-orrian, parke bakoitzaren deskribapenaren amaieran, karratutxo bat ikusiko duzue. Mugikorrean QR kodea irakurtzeko aplikazioa izanez gero, karratutxoari argazki bat atera eta zuzenean web orriko informaziora joko duzue. Bestela, Udaleko web orritik sartzeko aukera ere baduzue.

Parkeei buruzko informazio orrira zuzeneko lotura http://www.arrasate.eus/parkeak