Arrasatek foro instituzional batean parte hartu du, osasuna eta inklusioa kirol egokituaren bidez sustatzeko
2023/07/14Joan den egubakoitzean, uztailaren 7an, hainbat udalen arteko bilera bat egin zen, osasunaren eta prebentzioaren garrantziaz hausnartzeko eta arlo horretan hainbat proiektu sustatzeko. Bilera horretan, Arrasateko alkate Maider Morrasek aktiboki parte hartu zuen eta udalerrian gauzatu gura dituzten ekimenak partekatu zituen.
Bileran zehar, Hegalak kirol zentroa bisitatu zen, kirol egokituaren adibide nabarmena dena, eta filosofia eta instalazio inklusiboak dituena. Kirol zentro horiguztiz bat dator Kirol Herria proiektuaren filosofiarekin. Proiektu hori Arrasateko udal gobernuak sustatzen du, eta helburua da kirola pertsona guztiei hurbiltzea eta gaixotasunen prebentzioan lan egitea.
Kirol Herria da ekimen bat, elkarlanean egingo dena udalerriko kirol eta osasun arloan diharduten eragileekin. Proiektuaren bidez, komunitatearen parte hartze aktiboa sustatu gura da kirol jardueretan eta bizimodu osasungarriak sustatu gura dira.
Maider Morras alkateak nabarmendu zuen kirol egokituaren bidez osasuna eta inklusioa sustatzearen garrantzia. Haren hitzetan, "kirola da tresna indartsua, pertsona guztien bizi kalitatea hobetzeko, gaitasunak edo trebetasunak alde batera utzita. Guztiok kirolaren onurez gozatu ahal izateko, konpromisoa hartzen dugu berdintasunezko aukerak emateko". Arrasateko Udalak lanean jarraituko du Kirol Herria proiektua ezartzeko eta komunitate aktiboa, osasungarria eta inklusiboa sustatzeko.