Arrasatek, Gudarien plaza berrurbanizatzeko oinarriak zehazteko, partaidetza prozesua abiatuko du urriaren 19an

2023/10/18
Card image cap
Argazkia: Mondraberri
Prozesu horren helburua da auzotarrak inplikatzea eremu horren hirigintza eraldaketa gidatuko duten irizpideen definizioan.

Arrasateko Udalak hasiera eman dio partaidetza prozesu bati, Gudarien plaza berrurbanizatzeko oinarriak ezartzeko helburuarekin. Prozesu horren helburua da auzotarrak inplikatzea eremu horren hirigintza eraldaketa gidatuko duten irizpideen definizioan.

Ekimen hori gauzatzeko, Arrasateko Udalak lan egingo du PROJEKTA URBES enpresako arkitektoekin, eta horiek hiri diseinuan eta espazio publikoaren plangintzan duten esperientzia eta ezagutzak emango dituzte.

Partaidetza prozesua hasiko da Gudarien plazan izango diren elkarrizketekin. Saioak urriaren 19an izango dira, hiru ordutegitan: goizean 11:00etan, arratsaldean 15:00etan eta 18:30ean. Aurreikusita dago arloko zinegotziek saio horietan parte hartzea.

Elkarrizketa horien helburu nagusia da plazaren erabiltzaileen eta, oro har, herritarren iritziak, ideiak eta proposamenak entzutea. Tokiko komunitateak aukera izango du Gudarien plaza berrurbanizatzeko bere nahiak eta beharrak adierazteko, eta, horrela, lagunduko du erabakiak hartzen eta asmo kolektiboak islatuko dituen proiektu bat garatzen.

Partaidetza prozesuak bi saio gehigarrirekin jarraituko du azaroan, eta udalak laster iragarriko ditu noiz egin horiek.

Ekimenak herritarren partaidetza aktiboa eta demokratikoa sustatu gura du, komunitatearen ahotsa Arrasateko hiri eremuaren plangintzan kontuan hartzeko eta eraldaketan funtsezko elementua izan dadin bermatzeko.