Arrasatek ere 2018ko Gizarte Ekonomiaren Mundu mailako Foroa ospatuko du
2018/09/26Datorren urriaren 1etik 3ra bitartean Bilbon ospatuko da Gizarte Ekonomiaren Mundu Mailako Foroaren IV. edizioa (GSEF 2018) eta Bizkaiko hiriburuaren hautagaitza babestu ondoren, Arrasatek parte hartze garrantzitsu eta aktiboa izango du aipatu Foroaren ospakizunean, herrian bertan egingo baitira Foroko hainbat ekintza.
Esate baterako, urriaren 3an eta 4an, Bilboko kongresuko bisitarientzat Arrasateko gizarte ekonomia ezagutzeko lau bisita edo ibilaldi tematiko desberdin antolatu ditu Udalak herriko gizarte ekonomiako eragileekin elkarlanean: Arizmendiarrietaren obraren bitartez, herria eta balio kooperatiboak ezagutzeko bisitaldia, kooperatibismoaren eredua ezagutzeko tokiko kooperatiba industrial batera bisitaldia, Arrasateko kooperatiben garapenean hezkuntzak izandako garrantzia ezagutzeko Mondragon Unibertsitatera eta Arizmendi Ikastolara (biak kooperatibak) bisitaldia eta azkena, Ekonomia solidarioaren ibilbidea, non Emaus, Arrasateko Gureak Inklusio Taldea eta Caritas bisitatzeko aukera izango duten parte hartzaileek.
Bisitaldien aurretik, halaber, Kulturateko areto nagusian harrera egin ostean, Arrasateko gizarte ekonomiaren ekosistema aurkezteko bideo labur bat ikusi eta gizarte ekonomiak Arrasaten duen presentzia eta garrantzia islatzeko, Jose Maria Arizmendiarrieta ardatz duen erakusketa ikusteko aukera izango dute bisitariek Kulturateko klaustroan.
Herritarrei zabaldutako egitaraua
Gizarte ekonomiaren alorrean Arrasatek mundu mailan duen erreferentzialtasuna herritarren artean aski ezaguna den arren, GSEF 2018 herriko eredu bereizgarria indartu eta balioan jartzeko aprobetxatu nahi da.
Helburu horrekin, beraz, egitarauaren baitan, herritarrei zabaldutako bi ekintza ere antolatu dira. Alde batetik, urriaren 8tik 28ra bitartean, Arzimendiarrietaren irudia ardatz duen erakusketa ikusgai egongo da Kulturateko Klaustroan interesa duten arrasatearrentzat eta horrez gain, urriaren 8an eta 9an, arratsaldeko 19:00etan, Kulturateko Areto Nagusian, “Arizmendiarrieta, el hombre cooperativo” film dokumentala ere proiektatuko da herritarrek ikusteko aukera izan dezaten.