Arrasatek 'Begirada Adia' proiektua jarri du abian, bakardadearekiko komunitate proaktiboak bultzatzeko

2021/02/18
Card image cap
Ekimen honetan, udalak eta SSI taldeak indarrak batu dituzte adinekoen artean bakardade eta babesgabetasun egoerak detektatzeko, ahalik eta lasterren jarduteko haien ondorio kaltegarriak konpontzen, eta eskuhartze sozialeko planak aktibatu dituzte, adinekoen beharrei erantzuteko

Arrasateko Udalak eta Grupo Servicios Sociales Integrados S.Coop. elkarteak Adinekoen Begirada Aktiboa proiektua jarri zuten martxan 2019. urtearen amaieran. Ekimen horretan, erakunde biek ahaleginak batu dituzte adineko pertsonen artean bakardade eta babesgabetasun egoerak detektatzeko, eta ahalik eta lasterren jardun dute haien ondorio kaltegarriak prebenitzen edo konpontzen. Programa garatzen ari da udalerriko erretiratuen eta pentsiodunen elkarteen inplikazioari esker, eta kideen artean adinekoak dituzten beste erakunde, talde eta plataforma batzuei esker ere bai.

Urtebete baino gehiagoko ibilbidea egin ostean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, Begirada Adia proiektua sortu da, Debagoiena eskualdea gizarte hauskortasuneko, bakardadeko eta isolamenduko egoeran dauden adinekoekiko konpromiso baterantz mugiarazteko. Etorkizuna Eraikiz foru programaren barruan, ekimen honen xedea da lurraldea komunitate proaktibo bihurtzea egoera horien aurrean, eta bilatzen du politika egiteko modua eraldatzea, modu kolektiboan lan egiteko konponbideak bilatzen, kontuan hartuta lurraldeak zer erronka dituen etorkizunean eta zer-nola zahartzen ari den biztanleria; horietako bat da eskualdean bakarrik bizi diren adinekoen kopurua handitzen ari dela.

Begira Adia sortu zen gizarte zibilaren, boluntarioen eta sare profesionalaren "begirada aktiboa" izateko bokazioarekin, eta eskuhartze sozialeko planak aktibatu ziren, udalerriko adinekoen beharrei erantzuteko. Proiektua esperimentala da, eta helburu bi ditu: adinekoen bakardadea, gizarte isolamendua edo bestelako arrisku egoerak detektatzea, eta harreman loturak sortzea identifikatutako pertsonen eta haien ingurune hurbilenaren artean. Horretarako, eragile aktiboen sare bat sortuko da Arrasaten, erakunde publikoen eta pribatuen laguntzarekin, eta udalerriko herritarrak pixkanaka mobilizatuko dira, lagun dezaten hauskortasun egoerak detektatzen eta harreman lagunkoien sare bat sortzen, egoera horiei erantzungo diena.

Maitane Muñoz Goikoetxea Gizarte Ongizateko eta Gazteriako zinegotziak adierazi du, “adinekoak gure udalerriko zutoin garrantzitsuak dira, eta gura dugu herria eraikitzen parte hartu dezaten. SSI taldearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, estrategia aktiboa jarri dugu abian zahartze aktiboaren eta baliotsuaren alde, bakardadeari eta babesgabetasunari aurre egiteko, kolektiboaren beharrei erantzuteko eta haren egunerokotasuna hobetzeko. Ekimen hau Arrasateko Udalaren estrategia global baten barruan kokatzen da: arrasatear guztien ongizatea bermatzea eta inor atzean ez geratzea. Horren erakusgarri da, halaber, joan den astean Hurkoa Fundazioarekin izenpetutako lankidetza, aurrera egiteko hauskortasun, mendekotasun eta babesgabetasun egoeran dauden adinekoen arretan eta zaintzan. Nabarmendu gura dut gizarte eragile guztiek egiten duten lan bikaina eta baliotsua".

Proiektua abian jartzeko, beharrezkoa da eragile guztien eta, oro har, herritarren inplikazioa. Horretarako, adinekoen elkarteekin eta taldeekin egiten ari den lanarekin jarraitzeaz gain, horrelako egoerak detektatzea ahalbidetuko duten "antenen" sistema bat sortzeko, funtsezko eragileak dira: farmaziak, hurbileko saltokiak eta profesionalak, herritarrekin duten hurbiltasuna dela eta, "Antena" gisa jardungo dutenak. Era berean, udal zerbitzuen eta udalerriko elkarteen sarearen lankidetza izango da. Prestakuntza emango zaie konpromisoa hartu duten eragile guztiei, eta etengabeko aholkularitza izango dute hauskortasun egoerak hautemateko. Udaleko gizarte zerbitzuak, berriz, eskuhartze soziala egiteaz arduratuko dira, egoerak hala eskatzen badu.

Eragile aktiboen sarea sortu ostean, topagune lagunkoiak aktibatuko dira, eta udalerrian dauden espazioak aprobetxatu (elkarteak, liburutegia, kiroldegia, kultura etxeak, kafetegiak). Nagusiki, hauskortasun egoeran dauden adineko pertsonek parte hartuko dute. Asmoa da kafe bat elkarrekin hartzea aitzakiatzat erabiltzea, konpainia eta elkarrizketa espazio bat partekatzeko, konfiantzazko loturak sortzeko, sozializatu ahal izateko inguruneko baliabideak ezagutzeko eta, azken batean, auzo lotura egonkorrak ezartzeko.