Arrasate sakonean ezagutzeko hiru hitzordu egongo dira aukeran abuztuan

2019/07/30
Card image cap
Bi bisita desberdin eskainiko dira: herriko natura ingurunea ezagutzeko ibilbide gidatua abuztuaren 11n eta Arrasateren zein alde zaharraren historia eta sekretuak ezagutzeko bisita gidatua abuztuaren 4an eta 24an

Arrasate ondare, natura eta balio historiko handiko herria da; natura ingurune aberatsa du eta ondare mailan, herriak eta bereziki alde zaharrak kutsu historiko garrantzitsua du.

Hori horrela izanik, Arrasate zein herri inguruko txoko zein bazterrak balioan jarri eta ezagutzera emateko, 2018an hainbat bisita gidatu antolatu zituen Udalak, hain zuzen Arrasateko turismoa indartu eta balio horiek guztiak ezagutzera emateko. Bide horretan, esaterako, sortu ziren Vasco-Navarro tren ibilbidea ezagutzeko bisita gidatua, Lezetxikikoa, Tirolina eta abentura ekintzak Santa Barbaran, Bedoñara irteera edota Artazubiaga baserrira bisita (Otxia txakolinaren elaborazioa ezagutzeko), zein baino zein jendetsuagoak eta arrakastatsuagoak.

Aipatu ibilbideek jasotako harrera eta balorazio ona ikusirik, beraz, 2019ari begira, Arrasateko turismoa sustatzeko planari jarraiki, apirilaz geroztik, ibilbide eta bisita gidatuak turismo eskaintza finkoa bilakatu dira.  

Natura ingurunea eta Arrasate historikoa ezagutuz

Bisita zein ibilbide gidatu guztiak bi multzotan desberdindu dira: herriko natura baliabideak ezagutzera emateko ibilbide gidatuak batetik eta Arrasate eta bere auzoetako zein alde zaharreko historia eta ondarea balioan jartzeko bisita gidatuak bestetik.

Natura ingurunea ezagutzeko ibilbideek hileroko maiztasuna dute, hau da, hilean behin egingo dira (irailean bi egingo dira). Abuztuan, hain zuzen, hilaren 11an egingo da ibilbidea Mankomunitateak antolatuta. Kasu honetan “Lamiaren bila: Karraskain, Lizueta, Lezetxiki” deiturikoa izango da eta bertan, parte hartzaileek Arrasateko Lizueta, Lezetxiki eta Kobaundi kobak ezagutzeko aukera izango dute, baita Karraskain ingurua eta Arrasate urez hornitzen zuten iturburuak ere. Bisitaldia goizeko 09:00etan irtengo da Herriko plazatik eta interesdunek aurrez eman beharko dute izena turismo@debagoiena.eus helbidera idatziz edota 943 79 64 63 telefonora deituz. Ekintza hau, Debagoiena turismoak antolatzen du “Ezkutuko altxorrak” programaren baitan eta Udalak bere turismo eskaintzan txertatu du.

Arrasateko historia ezagutzeko bisita gidatuak, aldiz, “Arrasate historikoa” deiturikoak, hileko lehen igandean eta hirugarren larunbatean egingo dira; abuztuan, esaterako, hilaren 4an eta 24an (kasu honetan, laugarren larunbatean). Lehena San Baleriora (Meatzerreka) izango da, garai batean Arrasateko Meatzarien Kofradiaren bilgune izan zenera, hain zuzen. Bertan, Arrasateko meatzaritzaren eta meatzarien historia ezagutu ahal izango dute parte hartzaileek. Bisita gidatu hau Herriko plazatik abiatuko da 09:30ean oinez joan nahi duenarentzat eta zuzenean joan nahi duenak, 10:30ean izango du hitzordua San Balerion bertan.

Gainerako ibilbide eta bisita gidatuetan bezala, interesdunek aurrez izena eman beharko dute www.arrasate.eus/ezagutu webgunean.

Bigarren bisita gidatua, hilaren 24koa, alegia, “Mondragoe zabalik 24/7” deiturikoa da  eta kasu honetan, Arrasateko historia eta bertako jendearen iragana ezagutu ahal izango da.  Bisitaldi hori goizeko 11:00etan abiatuko da Herriko plazatik eta aurreko kasuan bezala, interesdunek aurrez izena eman beharko dute aipatu webgunean.

Ibilbide eta bisita gidatu guztien helburua da, hain zuzen, gure herriak dituen altxor eta balio natural zein historikoak indartzea,  Arrasatek eta herri inguru zein naturak duen edertasuna, balioa eta garrantzia ezagutzera emanez.  

Amaitzeko, bisita zein ibilbide gidatuak interesa duen orori zuzendutakoak direla jakinarazi du Udalak eta behin uda sasoia amaituta, abendura bitarte eskainiko diren gainerako bisita gidatuen programazioaren berri emango duela aurreratu du.