Arrasate pasealekuan pago gorria landatuko du Udalak zuhaitz egunean
2016/01/05Arrasateko Udalak ezagutzera eman du Arrasate pasealekuan ezartzeko zuhaitz berriaren aukeraketarako martxan izan den prozesuaren emaitzak. Horiek horrela, herritarrek hala aukeratuta, pago gorria landatuko da pasealekuko lanak amaituta sortu den plaza txikian.
Leku enblematikoa izanik, Udalak, eremu honi nortasun handiagoa eman nahian, zuhaitz esanguratsu bat landatu nahi izan du bertan, zuhaitz espeziearen aukeraketa arrasatearren esku utzita.
Udalak lau zuhaitz mota proposatu zituen –haritza, pagoa, ezkia eta astigarra- eta webgunearen bitartez eta BAZean bozkatu ahal izan dute herritarrek gustukoena zutena. Guztira, 329 bozka jaso dira eta webgunearen bitartez jaso dira bozka gehien, 244 hain zuzen. Esan bezala, 103 bozkekin pago gorria izan da herritarrek plazan ezartzeko aukeratu duten zuhaitz espeziea. Urtarrilaren 16an landatuko da zuhaitz berria eguerdiko 13:00etan, zuhaitz egunaren ospakizunaren baitan.