Arrasate, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen arabera, 20.000 biztanletik gorako herrien artean laguntza zuzen gehien bideratu dituen bigarren udalerria da

2021/04/26
Card image cap
Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen (AHG) aldizkariak argitaratu duen rankingari erreparatuta, Arrasate da sektoreari zuzeneko laguntza gehien eman dion Gipuzkoako udalerrietako bat. Guztira, 201.600 euroko inbertsioa egin da pandemia hasi zenetik laguntza zuzenetan

Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen (AHG) aldizkariak ranking bat argitaratu berri du pandemiaren hasieratik ostalaritza-sektoreari gehien lagundu dioten udalerriekin. Izan ere, jakina da sektore hori, beste askorekin batera, Covid-19k eragin dituen ondorioengatik gehien zigortutakoen artean dagoela.

Horrela, bada, ranking horri erreparatuta, Arrasate bigarren postuan dago, Errenteriaren atzetik, 20.000 biztanletik gorako udalerrien zerrendan (7 udalerritatik gora), eta 8.000 biztanletik gorako zerrendan zortzigarrenean (22 udalerritatik), sektoreari zuzeneko laguntza gehien eman diona pandemiaren ondorio ekonomikoak arintzeko eta ostalaritzarentzat hain zailak diren une hauetan egiten duen lana laguntzeko eta bultzatzeko.

Horrela, Udalak 201.600 euroko inbertsioa egin du zuzeneko laguntzetan pandemia hasi zenetik. Izan ere, Udalak 94 establezimenduri lagundu die, eta horiek 2.000 eta 2.800 euro arteko laguntza jaso dute.

Hala ere, zuzeneko laguntzez gain, Arrasateko Udalak hainbat neurri hartu ditu eta beste hainbat diru-laguntza eskaini, hala nola, uraren, zaborraren eta terrazen tasetan hobariak, terrazetan inbertitzeko laguntzak, babes-neurrietarako laguntzak eta 2020ko maiatzean eta irailean egindako kontsumo-bonuen kanpainak.

Bilera Arrasateko Ostalaritzako ordezkariekin: zabor-tasen lehen kobrantza itzultzea eta terrazetarako aukerarik ez duten establezimenduei banakako irtenbideak ematea

Arrasateko ostalarien ordezkariei apirilaren 16an egindako azken bileran jakinarazi zitzaienez, apirilaren 15eko osoko bilkuran ordenantza fiskalen aldaketak onartu ondoren, indarrean sartu da zabor-tasen % 50eko hobaria. Lehen seihilekoko kobrantza itzuli nahi duten ostalariek, hobaria aldi horretan aplikatu nahi badute, eta ez bigarren seihilekoan, eskaera bat egin dezakete BAZ-en edo www.arrasate.eus webgunean.

Arrasateko Ostalarien Elkartearekin joan den astean egindako bileran, Ogasuneko eta Hirigintzako zinegotziek parte hartu zuten, aipatutako topaketan landutako gaien (tasa fiskalen eta terrazen arazoen) arduradunak baitira. Azken puntu horri dagokionez, Udalak gonbita egin die terrazarik ez duten eta horretarako lizentziarik eskatu ez duten 7 establezimenduei, dagokien eskaera indibiduala egin dezaten: 3 kasutan ez dute terraza izateko aukerarik eskatu; biri Udalak terraza-aukera bat eman die, baina oraindik ez dute eskaera ofiziala egin; establezimendu bat ez dago alta emanda ostalaritza-establezimendu gisa, elkarte gastronomiko gisa baizik; eta beste lokal batek ez du eguneratu negozioaren titulartasuna. Egoera bideratzeko, eskaera indibidual bat egin behar da BAZen, udaleko talde teknikoarekin batera aukera desberdinak aztertzeko.

Beste behin ere, Arrasateko Udalak berretsi egiten du herriko ostalariekin lankidetzan jarraitzeko prest dagoela, eta elkarlana bultzatzera bideratuko ditu ahalegin guztiak. Udalarentzat estrategikoa da herriaren garapena bultzatzea zentzu orotan: ekonomikoa, jasangarria, gizarte alorrekoa zein kulturala, eta bide horretan, udalerriko hiri-ekonomia (merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza) funtsezkoa da.

Azkenik, Udalak modu irmoan errefusatu ditu larderiazko kartelak, hirigintza zinegotziari buruzko "memeak", EAJ/PNVko bozeramailearen mofa bideoa eta alkatearen etxebizitzako atariko pegatinak. Udalak elkarrizketaren eta errespetuan oinarritutako bizikidetzaren alde egiten duela berretsi du.